Eta oihana ere ez da, ezen oihana Irati da, euskal exotismo bat, Bedaxagarren zuhainen negarra, edo entziklopedietako hori bestela, esploradoreena, Tarzanena, bere tximu, tigre, anakonda, gorila, krokodilo eta abarrarekin. Oihana, azaldu zidan Laidaren lagun batek behin eskolako patioan, Afrikako basoa da.
Horrexagatik ez da Calaiskoa ez baso eta ez oihan. Calais Europan dago, eta abenturak egunero izanagatik —ez dira ba izango milaka lagun badaude zain Mantxako kanala kosta ahala kosta nola igaroko—, menturazaleak ez dira ez Stanley ez Livingston deitzen. Jungla da oihana baino are zikinago delako, sastraka da, sasipea, saparra, zakardia, basalarrea. Arriskua, gutxi da. Piztiek ere ez dute izenik junglan, Tarzanenak haurrentzako maskotak dira hangoen aldean. Hori guztia eta gehiago esan nahi du jungla hitza aukeratzen duenak Calaiseko kanpamenduei deitzeko. Junglako legea zibilizazioaren orden moralaren antonimoa da.