Diego Riveraren hormairudi handi bat urriaren 12a: diktadore batek aukeratu erregearen semea armadaren erakustaldia bedeinkatzen, 36ko gerra irabazleen banderen mozkorraldia, hizkuntzaren aldarrikapen inperiala, hiru karabelen bidaia kulturala, legioaren ahuntza eta Santa Teresaren beso ustelgaitza.
Errazegi uzten digute, baina maiz maila berekoa da ematen dugun erantzuna, primarioa zeharo. Ze bestela ez dakit zertara datorren, esaterako, Ameriketako herrien aldeko aldarrian hango biztanleak «indioarena egitera» behartzera, luma, pintura eta guzti estanpa kolonialetara kondenatzea, noiz eta XXI. mendean. Nik behintzat arazoak ditut, ez bainaiz gai oraindik auzoko paraguiarra guaraniz agurtzeko; uste dut apalategian ez dudala gazteleraz edo portugesez idazten ez duen egile hegoamerikar bakar baten libururik. Ez ote gara ari Vasquitos y nesquitas zein Chomin del Regatorena salatu dugunok besteak ikusgarritasunkitsch berberera kondenatzen? Hori bai, antiespainoltasunaren izenean.