Nola ulertu bestela tiroa airera bota eta manifestazioetan hildako haiek guztiak? Nola ulertu Bidasoan Mark Spitz bihurtu nahi izan ziguten Mikel Zabaltzaren heriotza? Nola hainbeste leiho, jauzi eta abarren magia trukoak? Hala sortzen ziren gero kontroletako ongiaren eta gaizkiaren solasaldi antzeztu haiek, goizeko lauretan, mendiari begira eta prakak orkatiletan galdetzen zigutenean nola konpondu behar zen «hemengo arazoa», aurpegiratzen zigutenean zergatik genien horrenbesteko gorrotoa.
Eta uste dut ezinikusi atabiko horrexek berak poztu duela bat baino gehiago jakinarazi zaigunean Iruñeko bortxaketan guardia zibila dela erasotzaileetako bat, lehendik genekiena sendotzera baitator. Nekane Txapartegiren salaketa berpiztu digute; Amaia Urizarrena, umetokiraino sartu zioten pistola galdeketan. Kristina Getek makila ibili ziotela alu-uzkietan kontatu zuen. Ane Beristainek titiburuak erre zizkiotela kiskero batez. Rita Margarete R. brasildarrak Indautxuko komisaldegian bortxatu zuten bi polizia salatu zituen...