Arrisku handiko nobela Poniatowskarena gure gogo-begietatik, tolesdurak tolesdura, ideologikoki gainditua dugulako aldarri arranditsuena, eta zer demontre, poliziei aurre egiten dieten langileek, mitinek eta kartzelaldiek panfleto kerua dakarkiotelako narrazioari. Kronika obrero bat? Mesedez! Trena askatasunaren ikur dela geuk ere badiogu, baina bidaiatzeko erosoa delako autobusaren aldean, ez beste ezergatik.
Eta horrela heldu zaigu albistea. Espainian, Osornon, trena geltokira iritsi denean, txoferra lokomotoratik jaitsi eta han geratu dira 109 bidaiariak, basamortuaren erdian. Arrazoia gidariak eman du: betea zuen lan-ordu kopurua, denak arriskuan jartzea litzateke jarraitzea, eta huts larria. Ez zen gertatzen zen aurreneko aldia, jakinaren gainean zegoen enpresa. Non zen erreleboa? Galdetu eurei.