Ezin liteke ideariorik eraiki, esaten zaigu era batera edo bestera, klasearen gainean. Kontsumoak definitzen gaitu produkzio-katean betetzen dugun mailak baino. Tximiniarik eta kedarrik gabeko indutriak egin du gainontzekoa izan genezakeen imajinarioa deusezten. Eta seguru asko, baita langile izatera ere iritsi ezin diren langabeen egunerokoak.
Eta beste gauza askorekin gertatzen den legez, sormena arduratzen da politikak baztertu duen horretaz. Idealizaziorik gabe, existentzialismo dosi handiz onduak, langile mugimenduen garai epikoagoetan aterpetzeke, hor dira barruak nahastu eta bihotzean zimiko egitea lortzen duten lanak. Kean Loachen gizon-emakumeak ez dira Novecento-koak; Harkaitz Zubiriren langileak ez dira Blasco Ibañezen nobeletan agertzen.