Gorriek, marxistek edo infernuko Txikitoren seme-alabek ez dutela kristauen eta behar den moduko espainolen maila intelektualik Antonio Vallejo-Najera espainiar psikiatrak erakutsi zuen bikainkiro. Gerrako preso errepublikarren buruak aztertu zituen horretarako, eta horratx egia: gen gorria malformazio hartantxe bizi zen. Emakume gorrien kasua are larriagoa da, ankerrak dira eta sentimendu patologikoen sehaska, haurrekin eta animaliekin duten tratuagatik tarteko.
Beltzak zurien aldean motzak, ezgauzak eta hain zuzen horrexegatik errukarriak eta lagundu beharrekoak Vicente Beato eta Ramon Villariño medikuek erakutsi zioten munduari 1944an argitara emandako Beltzaren ahalmen mentala bikainean. Gineako biztanleekin egin zuten azterketa, eta gaixotasun tropikalek zutenez mozdadearen kulpa handia, eskuzabaltasunez proposatzen zen soluzioa ere: kolonialismoak hobetuko zituen gaixoen osasun baldintzak eta, beraz, baita hauen maila intelektuala ere.
Umorez hartzeko teoriak guztiak ustezko zientifikotasunaren izenean emandako hauek besteari zaion beldurra arrazoitzeko. Alde ederra Azkoitian lehen Gipuzkoako autobus flota pribaturik handienetako bat gordetzen zen tokian meskita bat zabaldu nahi dutela eta asmatu duguna: ez dugu aparkatzeko tokirik izango auzoan. Nekez eman daiteke arrazoi zientifiko zorrotzagorik gaur egun.
Igandean, maiatzak 31, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak Berria egunkarian argitaratutako artikulua da.