Orain dela gutxi, Euskal Idazleen Elkarteak antolatutako mahai inguru interesgarri batean parte hartzeko aukera izan nuen. Bertan, hitzarekin baliatuz edo hitzak erabiliz hamaika espresio mota daudela aztertu genuen. «Zer da idazlea idazle egiten duena?». Erantzunaren sinpletasunak sorpresan harrapatuko zaitu agian: idaztea.
Gogoeta inozoa irudituko zaizu agian, baina sinetsidazu: idazleoi asko kostatzen zaigu geure buruari idazle deitzea. Lotsagatik, gehienetan. Eta ez da harritzekoa. Urte gehiegitan, idazle hitza argitaletxe handi batek liburua argitaratu dion pertsonari lotu izan diogu beti (pertsona hori, gainera, gizona eta zuria izanik). Baina idazleak aurpegi asko ditu, eta niretzat hori da lanbide honen alderik ederrena. Zure telesail gogokoenaren atzean dago idazlea, gidoilari moduan. Baita antzerkian eta zineman ere. Herriko plazan bertsoak edo kantak abesten dabil. Hedabideetan berriak ematen ari zaizu, edota iritzi artikuluak. Arranopola! Sare sozialetan ere asko daude, argazkiz lagundutako literatura pusketa horiek partekatzen.
Beraz… Hainbeste bagara, zergatik gaude hain gutxi? Erraza: emaitza askotan ikusezina delako. Argitaletxe handi horrek ez digulako gure liburua argitaratu.
Beste arlo batzuetako adibideak jarriko ditut. Ea… Lehen mailan jokatzen ez duen futbolaria, ez da futbolaria? Diskorik argitaratu ez duen musikaria, ez da musikaria? Sendagairik aurkitu ez duen ikerlaria, ez da ikerlaria? Praktikak egiten ari den irakaslea, ez da irakaslea? (Txertatu hemen burura etortzen zaizkizun adibideak, milaka daude).
Nire kasu pertsonala kontatuko dut: gutxi gorabehera, orain dela bost urte hasi nintzen ia egunero idazten. Nire idazketa prozesuetan, era guztietako idatziak atera izan ditut. Antzezlanak, film laburrak, ipuinak, telebistarako gidoiak, zinemarakoak, eleberriak… Edota iritzi artikuluak. Nire lanak inoiz baino bisibilitate handiagoa izan du azken urtean. Telebistarako lan egin dut, antzerki sari bat irabazi eta lehen eleberria argitaratu dut argitaletxe handi batekin. Orduan… Hori al da idazle egiten nauena? Bai… Eta ez. 3zpa4 eta Sukaldaria saioak, Zurrunbiloan antzezlana eta Katu eleberria idazketa baten emaitzak dira. Baina idazketa bera da idazle egiten nauena, ikusten ez den zati hori. Horregatik iruditzen zait garrantzitsuagoa orain dela bost urtetik hona egindako lan guztia. Ia egunero idazte horrek eman nauelako emaitzak lortzera, baina batik bat idazle izatera.
Horregatik, norbaitek esaten didanean: «Ni idazle proiektua naiz, saiatzen nabil»… IDAZLEA dela esaten diot. Emaitza iritsiko zaiolako egunen batean. Baina bidean dabilena delako idazlea. Mendizalea gailurrera iristen denean bezala. Egin duen bideak definitzen du.
Horregatik, ez dut inoiz inongo lotsarik izango idazlea naizela esateko. Bai. Idazlea naiz. IDAZLEAK GARA. Literatura sustatu eta maitatzen dugu. Aurpegi asko ditugu. Eta guztiok gara beharrezkoak. Izan istorioak kontatzeko, informatzeko edota entretenitzeko. Baina, batik bat, gure kultura bizirik mantentzeko.
Besarkada bat guztiei.