Lehengo batean zerbeza festa bat iragartzen zuen kartela ikusi nuen. Berau Azkoitiko malekoian izango zela zioen. Ez dakizuenontzat, Azkoitiko malekoia Zurt eta Hika tabernen arteko errekaldeko eremua da. Herriko guneei gaitzizena jartzearena ez da berria. Julio Urkixoko arkupeetako taberna guneari Bronx ere deitzen diote zenbaitzuk. Niri Santa Klara inguruak Berlingo harresia gogorarazten dit, bi mundu edo errealitate banatzeko nahita altxatutako harresi mardula baitago bertan.
400 urte baino gehiagoan moja klaratarren komentua izan da. 2017ra arte han bizi izan ziren klausurako mojen bizia ezkutatu digute harresiok. Klausurakoak izateak euren inguruko sekretismoa hauspotu zuen ezinbestean. Egun seinalatuetan eguraldi ona eskatzeko eman ohi zitzaizkien arrautzen entrega prozesuak ere oso misteriotsuak ziren: leihatila txiki baten bitartez, aurrez aurreko kontakturik gabe, gorpuztu gabeko ahots xume baten bidez gehienez, beste espezie ikusezin bat izango balira bezala. Zenbat tortilla jan ote zituzten herritarren kontura.
Bada, arima ikusezin horietan azkena 2017an Oñatiko (Gipuzkoa) komentura joan zen, eta eraikina arimarik gabe gelditu zen. Prentsan agertu zen klaratarren nahia zela eraikina eta lur sail ikaragarri hori Azkoitiko herriari uztea, herriarekin zorretan eta esker oneko sentitzen zirelako. Klaratarren barne araudiaren arabera, ordea, hori gauzatzeko gotzainaren baimena behar zen baldin eta 750.000 eurora arteko donazioa baldin bazen; eta "de la santa sede", berriz, haren balioa 1.500.000 eurokoa baino handiagoa balitz. Santa Klararen balioa, nabarmen, bigarren kasukoa izaki, Erromatik etorri behar zuen borondate hori gauzatzeko onespenak. Udalak Donostiako Gotzainari idatzi bat helarazi omen zion urte horretantxe, 2017ko urrian.Eta harrezkero, ezer gutxi, eraikinari lotuta dagoela dirudien sekretismoari jarraiki. Prentsako hurrengo berrietan, Elizaren erantzun falta, isiltasuna, 2025era arte. Baina hara non, 2025ean, Santa Klararen jabetza Fundacion de Iraurgi-rena bilakatu dela enteratzen garen. Beste misterio bat. Zer da Fundacion de Iraurgi? Zertarako nahi du Santa Klara? Zenbatean erosi du? Udalak ezin al zezakeen erosi? Argi-ilun asko, informazioak mojen gisan klausuran jarraituko balu bezala. Harresiak tinko dirau.
Zer gertatu da herriarentzat izan behar zuen guneak esku pribatuetan bukatzeko?
Esaten da Azkoitiko arbasoak dituen familia ekuadortar bat dagoela fundazio horren atzean. Lehenengo, Balda eraikina nahi zuela; hori ezinezkoa izaki, Irizar jauregia nahi zuela… eta hori ere lortu ezinda, Santa Klara erosi zuela.
Zer gertatu da herriarentzat izan behar zuen hain gune eder eta garrantzitsuak esku pribatuetan bukatzeko?
Elizaren teilatuan dago, hein handi batean, galdera horien guztien erantzuna. Baina, noski, orain ezingo dute erantzun, parrokiko teilatua obretan dago eta. Erretoreak obra horretarako martxan jarritako diru bilketan parte hartzeko gonbidapena luzatu beharko die Oñatiko moja klaratarrei, Santa Oskurako salerosketatik jaso duten diru freskoa (edo ustela) baitute, klausuran.