UAS

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Etxaniz 2026ko ekainaren 26a

Guraso bat haurrekin jolasean. (Unplash)

Iñigo Etxaniz kolaboratzaileak maiatzeko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'UAS'.

Hauxe da UAS: Umeen Askapenerako Sindikatuaren akronimoa, umeen askatasunaren alde borroka egiteko sortu beharko litzatekeena. Helduak asteko 35 orduko lanaldiaren defentsan dabiltzan bitartean, haien seme-alaben ordu kopurua hazten ari da. Goizean, eskolara hiru ordu eta erdiz. Eguerdian, etxera edo jangelara eta arnasa hartzeko asti handirik gabe, musika eskolara edo ingeleseko klase partikularretara. Arratsaldez, beste pare bat ordu eskolara, eta bostetan, arrapaladan, antzerkira, ludotekara, karatera, gimnastika erritmikora, sormenera, Ikaskirolera, igerilekura, tenisera, dantza modernora, dantza ez hain modernora, trikitira, panderora eta osterantzekoetara. Eskolaz kanpoko ezer ez duen umea rara avis bat bezala aurki daiteke kalean, noraezean. Eta noski, gurasoek, bakarrik egon ez dadin, nonbaitera apuntatuko dute. Gurasoak logistika arazoekin. Batzuetan motxilak saltzen dabiltzala dirudi. Meriendakoaz gain, aktibitate bakoitzerako motxila bana.

Parentesi txiki bat egin nahiko nuke: meriendaren poltsan ura eramatea derrigorrezkoa al da? Non eta Azkoitian? Munduan biztanleko iturri kontzentrazio ratio handiena duen herrian? Motxilari karga esanguratsua gehitzen dio urak, baina benetako kargaz, karga mentalaz, luze aritu gintezke. Bereziki ama asko kexu diren kargaz.

Gero, azkoitiar onak izaki, zortziak alderako etxera afaltzera bizi samar joan behar da. Eta hori estres maila handiko ordua da. Motxilak, arropa, afaria, umeen etxeko lanak, dermatologoen gomendioen kontrako eguneroko dutxa... Umeen etxeko lanekin ere... ai ama. Altxa burua diogu, baina ingeleseko aplikazioa, musikako aplikazioa, Telegrama eskolako guraso talderako, Inika famatua bizirauteko... eta nola ez, Whatsapp-a. Horrekin hasten dira guraso ororen buruko minak. Gelako taldeak, merienden antolakuntza, planak egiteko taldeak. Beste parentesi txiki bat: Azkoitian, talde horietan, arrazoi ezezagun eta misteriotsu batengatik, mutilak eta neskak bereiztea ohikoa da.

Asteburuak eta oporrak iristean ez dago etenik. Gauza ezberdinetara apuntatzeko garaia da. Hori ere, nola ez, aplikazioren baten edo Whatsapp-eko zerrenda famatuen (kopiatu-itsatsi) bidez. Praka motzetan udalekuetan, Iraurgiko teknifikazioan, Anaitasunako udako kanpusean, Kids&Us akademian, sukaldaritza saioetan eta abar. Horretarako, garrantzitsua da gauerdian puntuan iratzargailua jartzea, zure umea lekurik gabe gera baitaiteke bestela. Horietan, antza, ez da egoten iturriak adinako ratiorik.

Azkenaldian bolo-bolo dabil Gaztetxe bat izateko aldarrikapena gure herrian, gazteentzako espazioa, espazio itxia eskatuz eta hartuz. UASek, Umeen Askapenerako Sindikatuak, espazio irekia aldarrikatzen du, hondarrez, belarrez, harriz eta zuhaitzez beteriko leku zabala, umeen irudimena eta haien arteko harremanak jolasen eta abenturen bitartez garatzeko.

Ez dezatela pentsa gurasoek ostiraletan pizza sofan jatearekin engainatuko gaituztenik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide