Duela urte dezente, Zakela tabernan ikusi nuenak ikaragarrizko grazia egin zidan. Eraikuntzan aritzen zen eta den herriko enpresa ezagunarekin hitz jokoa eginez, mundu mailan ezaguna den mahai jolasa herri mailaratu zuten.
Hau da, Madrilgo kaleen izenez osatutako taula (Bailen, Velazquez, Alcala, Paseo de Prado, Castellana…) Azkoitiko kale izendegiaz ordezkatu zuten. Txalon Erreka, Altzibar, Floreaga, San Martin eta abarrez zeuden izendatuta jokoko ohiko koloreak. Kale batzuek gaitzizena edo ezizena zuten; besteak beste, betiko Barrio Franco agertzen zen Txalon Errekaren ordez, edo modu sarkastikoagoan Kale Beltza, Auzmendi bidearen kasuan.
Oker ez banago, marroi kolorekoa, merkeena, Barrio Franco zen, eta garestitzen zihoazenak ziren Ipintza, Floreaga, Altzibar, Ibaiondo eta Trenbidearen Zumardia, hurrenez hurren. Horrela, kolore urdineraino, garestieneraino. Nola ez, Kale Beltza.
Distantziak mantenduz, jolasa dezenteko antza hartzen ari da errealitatearekin
Orduko hartako sailkapena horrela egin zuten. Gaur egungoa, ordea, nolakoa izango litzateke? Agian, galdera hori ondoen Alberdi eta Enien etxe agentzietakoek erantzungo lukete. Adibidez, Floreaga urdin argi izatetik laranjara aurreratuko al zen taulan, estreinatu berri duten igogailu hirukoitza kontuan izanda? Kale Beltzak kolore urdinaren hegemonia galduko al luke San Martin gaineko urbanizazioen, edo hobeki esanda, Marina Dor-en aurrean?
Bertan egindako merienda batean, etorkin senegaldar batek galdetu zidan: "¿Éstas qué son, de protección oficial?". Auskalo protección oficial-tzat zer zeukan hark ulertuta.
Etxebizitzaren kontua puri-purian dugu azkenaldian, etxebizitza berrien, bigarren eskukoen zein alokairukoen prezioen gorakada dela eta. Monopoly jokoan, lehenengo helburua da kolore bereko kaleak erostea, horietara erortzen direnei alokairua kobratzeko. Behin jabetza osoa lortuta, bertan etxetxoak eta hotela eraiki daitezke, alokairuaren prezioa nabarmen igoz. Azken helburua besteak dirurik eta jabetzarik gabe utziz hondoratzea da.
Distantziak mantenduz, jolasa dezenteko antzekotasuna hartzen ari da errealitatearekin. Gero eta gehiago ikusten da dirua dutenek etxebizitzetan inbertitzen dutela. Etxebizitzak erosi, alokairuan jarri eta diru horrekin etxebizitza hori ordaintzen joan. Alokairuan daudenak, aldiz, erosi nahiko balute ere, aurrezteko zailtasunekin daude, sarrera edo bankuek ematen ez dieten zatia ordaindu ahal izateko. Monopolyn nahiko ohikoa da arau batzuk asmatzea ere. Ez al litzateke "asmatu" beharko neurri "ezkertiarrik", batzuen eta besteen artean sortzen ari den arrakalari aurre egiteko?
Jolaseko taula Azkoitian irudikatzera bueltatuz, Urbanue ikusten dut fitxa bezala, kale guztiak zeharkatuz. Liburutegitik pasatzen diren bakoitzean, Imanol eta Idoia ikusten ditut, hogei xentimo kobratzen.