ELGAk ogasunei iruzurraren aurkako sistemak erabiltzea gomendatu izanaren harira, gure Aldundiak dekretu bat argitaratu zuen, eta, horren arabera, saltoki txikiak behartuta egongo dira aurtengo azarotik aurrera salmenta guztiak momentuan bertan eta programa informatikoen bidez ogasunari jakinaraztera. Nahitaez bete beharreko fakturazio sistema berri honek Ticket Bai du izena.
Bitartean, Espainiako Estatuko gobernua lege bat izapidetzen ari da fakturazio sistemei buruzko erregelamendu berria garatzeko. Negozioetako software guztiek faktura jaulkitzen duten unean ogasunari jakinarazteko aukera ematea eskatzen du arau horrek. Asmoa da negozioek beraien borondatez eta obligaziorik gabe eskuratu ahal izatea programa horiek. Argi dago kontu horrek prezioen eta mantentze-kostuen jaitsiera handia eragingo duela Gipuzkoako merkataritzako software-programetan, eta horregatik, guztiz gomendagarria da lege hori indarrean jarri arte itxarotea, Gipuzkoako sistemaren edozein betebeharretan zein erabakitan, Espainiako Estatuaren erritmora egokituz. Kontutan izan behar da gure lurraldean jarduten duten enpresa eta autonomo asko ez direla behartuta egongo Ticket Bai betetzera, horiek egoitza edo helbidea Euskaditik kanpo dutelako.
Dendartean Gipuzkoako Merkataritza Bilkurako batzordeak –Gipuzkoako 2.200 saltoki inguru ordezkatzen ditu– uste osoa du saltoki txikietan ez dagoela iruzur fiskalik, ez behintzat Aldundiak ezarri nahi duen nahitaezko prozedura ezartzeko premia justifikatzen duenik.
Merkataritza ordezkarien ustez, gaur egungo unea guztiz desegokia da Ticket Bai sistema ezartzeko, negozioen itxiera-prozesuetan eragin azeleratzailea eragingo baitu. Denok dakigu zer-nolako arazo bortitza duen merkataritza txikiak: krisia, birmoldaketa, inflazioa, kostuen igoera orokorra, COVID-19a, gerra... Krisi hau, ordea, duela urte batzutatik dator; lehenik eta behin, hirietako lana banaketa enpresa handien zerbitzura jarri zen, eta, gero, online salmenta plataforma handiei mesede egiten dieten legediak mantendu. Lan ikuspegitik zein ikuspegi fiskaletik erreparatuta, gure udalerri guztietan lan kontraturik gabeko pertsonekin saltzen dute, zergarik ia ordaindu gabe eta "legezko" zerga-paradisuetatik jardunez, erabateko lehia desleiala sortuz.
Agerikoa denez, Ticket Bai sistema ezartzeak ez dakar zailtasun bera makroenpresa, mikroenpresa edo denda txikientzat, eta, beraz, kasuaren arabera, ezarpena bereizita egin beharko litzateke. Gaitasun teknologikoari dagokionez, gainera, aldeak izugarriak dira.
Merkataritza txikian, langile baliabide gutxirekin, adin aurreratuekin, esperientzia eta ezagutza digital eta informatiko urriekin zein baliabide ekonomiko gutxirekin egin behar diete aurre Ticket Bai sistemari. Gainera, horrek gastuak handitzea eta negozioa kontrolik gabe uztea dakarkie askori, inbertsio garestiekin eta kostu iraunkor berriekin, dedikazio eta prestakuntza zaileko esfortzu berriekin, sisteman matxura zein ezjakintasun posibleekin, akats nahiz zuzenketa konplexuak egiteko aukerarekin, kobrantza sistemak zailduz, kontratatu beharreko pertsonekiko edo kanpoko agenteekiko mendekotasuna sortuz betirako. Lehen arazo gutxi ez bagenuen, gastu gehiago, lan denbora gehiago, segurtasun eza eta kontrolik eza sortuko ditu horrek.
Saltoki txikien modernizazioa beharrezkoa dela sinetsita, eta gure Aldundia prozesu honetan laguntzen ari zaigula onartuta zein eskertuta, ikusten dugu ez dagoela aukerarik Ticket Bai sistema ezarri nahi den epeetan eta prozeduretan ezartzeko, ez behintzat Gipuzkoako saltoki txikietan kalte handia eragin gabe. Guztiz beharrezkoa ez den zerbait da, bai ikuspegi fiskaletik eta bai ikuspegi sozialetik.
Aldundiaren Ticket Bai dekretuak berak, zentzuzko ikuspegi batekin, salbuespenak aurreikusten ditu bere 6. artikuluan, horrela enpresa jardueraren garapenean nahasmenduak saihesteko.
Ulertuak izango garen konfiantzarekin eta izan daitezkeen ondorioak garrantzitsuak direla Aldundia jakin badakielakoan, arazoa konpontzeko inplikazio gehiago eskatzen dugu. Era berean, sektoreko ordezkariekin talde bat sortzeko gonbidapena ere luzatzen dugu, guztion artean gai honi irtenbide egokia bila diezaiogun.