Herrixen merkatarien elkarteak, Azpeitiko Bertan eta Zestoako Zestoan elkarteekin bat eginda, 'Prezio Justua' lehiaketa antolatu zuen urrian. Hainbat produktuz osatutako erakusleihoa osatu zuen, eta herritarrek prezioa asmatu behar izan dute. Herriko merkataritza "dinamizatzeko" eta saltoki desberdinetan topa daitezkeen "produktuen erakusleiho gisa" antolatu zuen Herrixen elkarteak 'Prezio Justua' lehiaketa.
Merkatari elkarteak gaur, astelehena, jakinarazi du lehiaketan asmatu beharrezko prezio justua zein zen. Azkoitiko erakusleihoaren kasuan, 2.810,21 euroko balioa zuen erakusleihoa jarri dute ikusgai. Kopurutik pasatu gabe zenbatekora gehien hurbildu denak erakusleihoan ikusgai dauden produktu guztiak irabaziko ditu. Herrixenek datozen egunetan jakinaraziko du irabazlea nor izan den.
Herritarrek Herrixen elkarteko dendetan erosketak egin ondoren, kodedun txartelak jaso dituzte. www.preziojustua.eus webgunean sartu behar izan dute herritarrek txarteleko kodea, izen-abizenekin batera. Horrekin batera erakusleihoaren prezio justua zehaztu behar izan dute. Gainera, merkatari elkarteak gogorarazi du garrantzitsua dela kodedun txartelak gordetzea.