«Me gustan las Colombianas, me gusta el culo de las Dominicanas…»

Erabiltzailearen aurpegia Gurutz Garmendia 2018ko abu. 28a, 21:05

Gurutz Garmendiak iritzi artikulu hau bidali dio Maxixatzeni, eta, besteak beste, andramaixetako barraketan jarri zuten musika «desegokia» izan du hizpide. Irakurri:

 

Bukatu dira andramaixek eta berriro bueltatu da lasaitasuna gure herrira. Ez zen gero programa txarra, musika, ekitaldiak, txosnak… aukera bazegoen. Baina gure etxean pipertuta ibili gara. Urtero bezala, barrakak jarri dituzte liburutegi aurrean eta burrunba nagusitu da inguruan. Egin genituen kalkuluen arabera, jarri zituzten 100 kantuetatik 5 edo 10 ziren gure hizkuntzan eta beste denak erdaraz kantatutakoak ziren. Eta zer kantatzen zuten? Bai baten batek honezkero asmatuko zuen bezalaxe, izenburuan datorrena. “Me gustan las Colombianas, me gusta el culo de las Dominicanas. Necesitamos más luz. Menestra de conejo. Mazapán. Te meto, te meto le zumbo.”

Neure ustez, askoz gehiago esan beharrik ere ez dago. Ume eta nerabeentzako gune batean letra horiek dituen musika jartzeak, bestelako azalpenik ez du behar.

Erraz ulertzen da duen esanahia, eta norberak ikusiko du horren aurrean neurriak hartzeak merezi duen ala ez. Ez baita aurtengo gauza. Ez da berria herriko gazteriak era horretako mezuak entzutea. Baina zertaz hitz egiten ari gara? Ahaztu egin al zaigu abestiek gugan duten eragina? Kantu horietako letrak guztiz iraingarriak dira neska eta emakumeekiko; eta mutil zein gizonezkoak eskastu egiten gaituzte. Elkarren arteko maitasuna bultzatu beharrean, genero batek bestea hanka azpian hartzera bultzatzen duten kantuak dira.

Ez dut uste horrelakoa denik herriko gazteriaren pentsaera, ez behintzat nik ezagutzen ditudanena, oso bestelakoa baizik. Baina musika hori omen dago modan. Oso ondo dago etxetik kanpoko arazoez arduratzea, baina hobe izango genuke aurrenik etxeko ataria garbitzen hastea. 

Eta esan, bide batez, barrakak aire libreko diskoteka erraldoi batean bihurtu direla. Gau eta egun txunba-txunba a tope. Beldurtzeko burrunba egunero-egunero. Tirorirorigora eta tiroriroribehera. Aurten onena edo onenetarikoa film laburrena izan da. Hausnartu eta barre batzuk bota genituen. Baina txarrena izan da egutegian egunero “Lunes”azaltzen zeneko film labur ederra. Alegia, batzuentzat egia bilakatu zaigula hainbat egunetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide