1984 liburua eta baratzako porruak

Erabiltzailearen aurpegia Gurutz Garmendia 2018ko abu. 13a, 11:55

Aspalditik nebilen herriko aldizkarira zerbait bidaltzeko gogoarekin. Bat baino gehiagotan zerbait idazten hasi eta gelditu. Hasi eta utzi. Ezin asmaturik nebilen zerri buruz idatzi. Baina ez idazteko gairik ez dagoelako, gai hauetatik zein aukeratu ezin asmatuta nebilelako baizik.

Hainbat dira kezkatzen nauten arazoak. Asko kezkatzen nau geure ama den lurrarirekiko maitasun ezak. AHT eta makroproietuek ingurugiroan eragiten dituzten ondoezak. Asko kezkatzen nau, herriko seme-alaben bizi baldintza ekonomikoen kaxkartze larriak. Azkoitiar asko justu baino justuago gabiltza hilabete bukaerara iristeko, totalitarismoaren eta faxismoaren gorakadak ere asko larritzen nau. Eta nola ez, euskal preso errefuxiatu eta iheslarien egoerak. Pakearen bidea aukeratu zuten ETAkoek, baina ez horrela Madrilgo mandatari 'alupitoek'.

Menua zabalik beraz eta bat aukeratu behar. Horregatik aukeratu dut George Orwellek idatzitako 1984 liburua. Orain dela urte batzuk irakurri nuen eta zer pentsatua eman zidan. Hogeigarren mendeko hasieran idatzia, etorkizuneko gizarte totalitario beldurgarri baten berri ematen du, eta sinestezina dirudien arren, gaur egun gertatzen ari da liburu horretan deskribatutakoa. Irakurtzeko moduko liburua benetan, eta nolabait esateko, atarian aipatutako gaiak lantzen dira. Neu paranoiko samarra izanik, ez naiz behin ere gure mandatarietaz fidatu, baina liburu horren irakurketak eta gure gizartean somatzen ari diren egoerak eta jarrerak, susmo guztiak bermatzera naramate.

Eta bai, argi eta garbi esango dut. Gure gizarteetako piramide ekonomikoetako gailur ertzean aurkitzen diren ezkutuko mandatari zein euren morroi eta neskame guztiek, faxismo-totalitarismo alienatura bideratu nahi gaituzte, eta horretan dabiltza. Hori gertatzen ari da eta gu bitartean lo edo erdi lotan. Agian, gizarte bezala, jakinaren gainean gaude nora joan nahi dugun, baina ez dakigu nola joan eta nola iritsi.

Baina, dena ez da horren txarra ere. Baratzean izan naiz gaur goizean, eta porruak altzatu dira. Tomateak eta piperrak orain dela egun batzuk jaten hasi ginen eta kalabazak zoragarri datoz. Babarrun gorriak ere ondo datoz, nahiz eta aurten mamorroek nahikoa lan eman diguten. Aurten lehen aldiz arto berri gozoa jateko itxaropenarekin gaude. Badaude bai gauza onak ere, eta lurrarekin uztartzen gaituztenak oraindik eta hobeagoak dira. Agian baratzean bertan aurkituko dugu helburuetara iristeko bidea. Burujabe izan, beldurrak galdu eta zoriontsu izateko errezeta. Oinez egiten da bidea, eta antxintxike joan behar duenak maratoi gogorra izan behar du aurrean. Arrain handiak gara geu ere, eta oraintxe nekatuta egon arren, hartuko dugu berriro ere bidea. Mikel Laboaren abesti zoragarri xamaniko batek dioen bezalaxe, «batek gosek diraueno, ez gara gu hasetuko, bat inon loturik deino ez gara libre izango».

Euskal preso eta iheslariak etxean, eta oraintxe bertan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide