Tripontzia sariaren zozketa egingo dute hilaren 20an, igandea, eta Azkoitiko Gure Eskuko kideek eskerrak eman dizkie herritarrei proiektuarekin bat egiteagatik eta erakutsi duten eskuzabaltasunagatik. Izan ere, Gabonetan Azkoitiko kaleetan zehar zozketako txartelak saltzen ibili ziren Gure Eskuko kideak.
Honako sariak banatuko dituzte igandean: 60.000 euroko sari nagusia (zenbaki + serie sarituarentzat), 2.000 euroko zazpi sari (zenbaki bereko gainerako zazpi serieentzat), eta 1.500 eta 1.000 euroko zortzina sari (bigarren eta hirugarren zenbaki sarituak). Saridunen berri Gure Eskuren webgunean emango dute, eta hilabeteko epea izango dute irabazleek sariak jasotzeko.