2018ko ekainean bost urte beteko ditu Gure Esku Dagok. Bost urtean herritarrok herri honi egin diogun ekarpena ezin da neurtu ez zenbakietan, ez ehunekoetan, erakutsi dugu erabakitzeko eskubidea bizikidetzarako tresna ezinbestekoa dela, eta gure ondorengoentzat nahi dugun etorkizuna erabakitzeko bidea egiten ari garela. Bada, bide horretan, beste urrats garrantzitsu bat egitera goaz. Ekainaren 10a egun handia izango da herri honentzat, orain arteko ekimenik jendetsuena gauzatzea izango baita helburua egun horretan.
Asmoa da, ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteizko Legebiltzarra giza kate erraldoi batekin elkartzea. Inoizko ekintzarik jendetsuena izango da eta azkoitiarroi ere inoizko herritar gehien bertara biltzea tokatzen zaigu. Izan ere, Azkoitiari dagokio Arroa eta Itziar bitartean 40 eta 41. Kilometroak osatzea, hiru kilometro horietan azkoitiarrok izan behar dugu katebegi zapitik zapira lotuko gaituen kate luze eta sendoan. Atzean gelditu zaigu 2014ko giza katea, orduko hartan azkoitiarren erantzuna ezin hobea izan zen eta oraingoan ere maila eman beharrean gaude, ezin dugu orduan baino gutxiago izan! Hego Euskal Herriaren bihotzean kokatuta dago Azkoitia eta bere taupadak Donostia, Bilbo eta Gasteizeraino iritsi behar dute, beste milaka bihotzen taupadekin bat eginik.
Euskal Herrian izango den mobilizaziorik handiena izango da eta denok gara ezinbesteko! Hau guztia antolatzea ez da lan erraza ordea, eta ekimena ezagutzera emateko eta ahalik eta herritar gehien bertara biltzeko, Azkoitiko Gure Esku Dago taldeak egitarau zabala antolatu du; hitzaldi, festa…. Eta batez ere, larunbateroko hitzordua. Giza katean parte hartzeko izena eman behar da eta 5 euroren truke katea osatzeko zapia jaso. Herritarrek hori erosotasunez egin dezaten, larunbatero mahaia jarriko da eliz atarian, bertan eman ahal izango da izena eta atera diren kamiseta berriak erosteko aukera ere izango da. Garrantzitsua da lehenbailehen izena ematea antolakuntza lanak errazteko.
Lan handia da egin beharrekoa eta jende asko bildu nahi da ekimenera, eta jakina, lanerako ere jende asko behar da. Zenbat eta jende gehiago izan prestaketa lanetan orduan eta arrakastatsuagoa izango da ekimena, horregatik antolaketa lanetan lagundu nahi duenak larunbatero egongo den mahaira gerturatu besterik ez du. Denak izango dira ongi etorriak.
Honenbestez, Azkoitiko Gure Esku Dago osatzen dugunok dei egiten diegu erabakitzeko eskubidearen alde dauden azkoitiar guztiei ekainaren 10eko katea osatzera eta ahal izanez gero, ekintza hori antolatzeko lanetan ere parte hartzera. Denok gara beharrezkoak. Gure esku dago eta!