Aurten ere iritsi da abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, eta urtero egin ohi dugun moduan, giro bikainean igaro dugu eguna. Goiza trikitilariekin, txistulariekin, dantzariekin eta bertsolariekin hasi dugu HHkook eta LHkook. HEkoak eta HHkoak, berriz, lan eta lan aritu dira goizean eta arratsaldean; asmakizunekin, abestiekin eta dantzekin gozatzeko aukera izan dute haiek. Bestalde, LHko eta DBHko taldeek Eguzkiloreei buruzko lanketa berezi bat egin dute beren gelan.
Ikastetxeko ikasle guztion artean, berriz, kartel erraldoi bat osatu dugu honako lelo honekin: Euskara badugu, bagara!. Izan ere, gure hizkuntzak, euskarak, behar gaitu, eta eguzki-loreen gisan babestu egin behar dugu hura izpirituetatik eta egoera txarretatik.
Lehiaketek ere izan dute beraien tartea gaur. LHkoek eta DBHkoek ginkana bat egin dute; Euskal Herriari eta euskal kulturari buruzko hainbat galdera erantzun behar izan dituzte ikasleek, eta zein baino zein hobeto aritu dira. Gainera, DBHkoek, goizaren amaieran, finala izan dute On Bosco aretoan. A zer nolako giroa sortu den bertan; han aritu dira lehian Sugar, Mari, Olentzero, Jentilak, Tartalo, Sorginak, Lamiak eta Basajaun. Bai, bai, guzti horiek.
Beste ikastetxekoekin ere elkartu gara gaur plazan. LH 1 mailatik DBH 2 mailara artekoak, trikitilarien doinuan, herriko plazara joan gara, eta han elkarrekin lau euskal kanta abestu ditugu, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Momentu berean, DBH 3 eta DBH 4 mailetakoek bingo musikatuan parte hartu dute. Egundoko barreak nahiz dantzak egin ditugu han, eta sari ederra eskuratu; oso ondo pasatu dugu.
Jarrai dezagun euskaraz hitz egiten, gurean ditugun hitz kuttunak babesten eta erabiltzen! Floreaga euskaraz, euskararekin eta euskararen alde!
Honako lotura honetan ikus daitezke gaurko argazki guztiak.