Bertsoak zipriztindutako ikasturtea izan dute Floreaga ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia Floreaga ikastetxea 2022ko eka. 23a, 13:15

Floreaga ikastetxeko neska-mutilek bertsolaritzari lotutako proiektuetan, jaialdietan eta txapelketetan parte hartu dute 2021-2022 ikasturtean ere. Ahozkotasun proiektuak emaitza onak eman ditu, eta jaialdiak nahiz txapelketak arrakastatsuak izan dira.

Aurten ere oparoa izan da bertsolaritzaren uzta Floreaga ikastetxean. Beti bezala gogotsu hartu dugu parte, Bertsozale elkarteak, udalaren laguntzaz, ikastetxeetan garatzen duen Ahozkotasun proiektuan. Eta emaitza ezin hobeak eman ditu proiektuak. Euskara lantzeko aparteko tresna dugun bertsolaritzak izugarrizko eragina du ikasleen motibazioan eta ondorioz baita erabileran ere.

Euskararen Nazioarteko Egunerako, Santa Agedarako eta Bertsometarako egindako lanez gain, aurten bi jaialdi egin ditugu On Bosco aretoan: bata, bat-bateko koplak eta zortzikoak osatuz, eta bigarrena, aurrez egindako bertsoak buruz ikasiz eta gurasoen aurrean abestuz. Biak ere arrakastatsuak izan dira, zalantzarik gabe.

Txapelketetan, emaitza onak

Bestalde, Floreagako ikasleek bertso txapelketa ezberdinetan parte hartu dute, eta harro sentitzeko moduko emaitzak lortu dituzte. Urolako Bertso Idatzien Eskolarteko Txapelketan hiru  ikaslek jaso dute saria: Eriet Zubizarretak, Ane Arrizabalagak eta Enara Etxanizek. Ekainaren 15ean egin zen sari banaketa Azpeitiko Basazabal jauregian.

Era berean, hitanoa bultzatzeko asmoz Azkoitiko Udalak antolatu duen I.Hike eizan! Bertsopaper lehiaketan,  gazteen mailan, Azkoitia saria irabazi dute Noa Break, Intza Arrietak eta Maddi Arrietak. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 30ean egingo dute Elkargunean.

Egindako lanaren laginak honako bideoetan eta argazki bildumetan ikus daiteke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide