Azkoititik irten eta ez ginen zuzenean Durangora joan, ordea. Bizkaiko beste herri bat bisitatzeko aukera izan genuen: Gernika. Gernikan Batzarretxean izan ginen eta bideo bat ikusi ondoren, bertako gidari batek Batzarretxearen historiaz eta gaurko funtzionamenduaz zenbait azalpen eman zizkigun. Eta noski, ezin bertatik joan Arbola Zaharra eta gaur egungo Gernikako Arbola ikusi gabe.
Ikasleak Gernikako Arbolaren aurrean.
Eguerdian, Durangora iritsi eta zuzenean Azokara joan ginen. Jende pila bat zebilen bertan, ikasleak gehienak. Eta irakasleek jarri ziguten ginkana burutzen hasi ginen. Stand, idazle eta abeslari edo talde batzuei argazkiak atera behar genizkien, nortzuk ziren eta beraien azken lanak aipatuz. Han zeuden Gatibu, Nogen, Huntza, Kalakan, Su ta Gar, Hesian… Baita Bernardo Atxaga, Toti Martinez de Lezea, Jasone Osoro, Jon Arretxe… beste hainbat idazle eta abeslariren artean.
Etxera itzuli aurretik, Durangoko herrian bueltatxo bat eman genuen. Uribarriako Andra Mariaren basilikaren arkupetik ere pasa ginen, Durangoko Azoka lehenengoz burutu zen lekua. Egun polita igaro genuen, geure historia eta kulturaz pixka bat gehiago ikasiz!