Familiaren garrantzia haurrak euskaldun haztean

Erabiltzailearen aurpegia Floreaga ikastetxea 2018ko ots. 15a, 09:34

Paula Kasares, Floreaga ikastetxean.

Otsailaren 1ean, eguraldi zakarra izan bagenuen ere, gustura egon ginen gu Paula Kasaresen goxotasunean. Ohore bat izan da soziolinguista, Nafarroako unibertsitateko irakasle eta Euskaltzain urgazlea den Paula Kasares bigarren urtez gure ikastetxean, Floreagan, izatea.

 

Ordu eta erdiko saioan, han bildurik geunden azkoitiarrok bere jakituriaz janzteaz gain, hainbat aholku eman zizkigun. Izan ere, Azkoitian, arnasgunetzat hartzen den herria izan arren, egoera aldatzen ari da.

Lehengo gazteak eta gaur egungo gazteak erabat hiztun desberdinak direla esanez hasi zuen saioa Kasaresek. Gaur egungo gazteak hiztun eleanitzak dira, beraz, hautua egin behar dute. Gure komunitate txiki honetan oso garrantzitsua da hautuaren kontzeptua. «Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin hobeto, baina euskara izan dezatela maiteena, hautatuena» dio Kasaresek. «Gurasoon jarrerak eta portaerak eredugarri dira umeentzat, oro har gauza guztietarako, eta baita hizkuntzarekiko ere. Familian dauden baloreak funtsezkoak dira, gure hizkuntza eta kulturak behar duen babesgunea izan dezan».

«Gurasoon egitekoa funtsezkoa bada ere, eskolak ere horretan laguntzen du. Irakasleok oihartzun lan bat dugu. Baina gogoratu behar dugu umeek esna dauden denboraren %15a baino ez dutela pasatzen eskolan, beraz, argi dago klasetik kanpo ere euskaraz bizitzeko aukerak izan behar dituztela: plazan, herrian, gizartean», gaineratu zuen.

Saioan zehar, Kasaresek motxilaren metafora erabili zuen. Hiztun batek dakizkien hizkuntza guztiak motxiletan irudikatzeko esan zigun. «Haurraren euskararen motxila betetzen lagundu behar dugu, emozioz eta esperientzia gozagarriz. Bizipenak, erreferenteak eta balioak zaindu behar ditugu. Ez baditugu zaintzen beste hizkuntzak nagusitzen dira. Beste motxilek ez diotena ematen eman diezaiola euskararen motxilak. Bi besoetan ongi sartuta eraman dezala, nahiz eta beste motxila batzuk izan. Bizitzan zehar umeak ez dezala tentaziorik izan euskararen motxila bazter batean uzteko, astunegia edo balio gabea bihurtu zaiolako. Eta ez dute bazter batean utziko, baldin eta motxila horren barruan daramana garrantzitsua dela uste badute. Azken batean, motxila haurtzarotik hasi behar da betetzen, eta etxetik», dio Kasaresek.

Eskerrik asko, Paula Kasares, plazer bat izan da beste behin zu entzuteko aukera izatea.    

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide