Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketa aurten, eta norbanako bezala –Ahobizi edo Belarriprest izanez– parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu arigune rolaren bidez.
Azkoitiko euskara batzordeak jakinarazi duenez, gaur-gaurkoz 839 azkoitiarrek eman dute izena Euskaraldian. Horiek guztiek online eman dute izena ariketa sozialean. 789 azkoitiarrek Ahobizi rola hautatu dute, eta 50 herritarrek Belarriprest rola. Azaroaren 19ra arteko epea dago bi roletako bat hautatu eta Euskaraldian parte hartzeko. Euskaraldiaren lehen edizioan 2.116 lagunek eman zuten izena Azkoitian.
Izen-ematea
Hainbat modutan eman daiteke izena Euskaraldian: online edo eskuorrien bidez. Online egitea erabakitzen dutenek, Euskaraldiaren webgunean dute izena emateko formularioa. Horrez gain, herrian zehar zabaldu dituzten karteletan dagoen QR kodea ere erabili daiteke izena emateko.
Eskuorrien bidez izena ematea erabakitzen dutenek, aldiz, Elkargunean eta udaletxean aurkituko dituzte eskuorriak eta kutxak. Papera bete ondoren, kutxan sartu beharko da. Gogorarazi dute, ezinbestekoa dela izena ematen duten herritarrek lege-oharra onartzea. Bestalde, Euskaraldiaren txapa Azkoitian jaso nahi duenak formularioaren udalerria atalean 'Azkoitia' idatzi beharko du.