Euskaraldia

Euskaraldiaren hurrengo edizioa 2020an izango da

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2019ko ots. 2a, 14:55

2020 urteko udazkenean egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa.

  • Bi urterako zikloa izango du hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea xede duen ekimenak
  • 2020ko udazkenean egingo den bigarren ariketa sozialak bi ardatz izango ditu: herritarren arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera hazteko neurriak bultzatzea
  • Lehen edizioko emaitzak jasotzen ari dira antolatzaileak

Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea xede izan duen Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioa 2020 urteko udazkenean egingo da. 2018ko azaroaren 23a eta abenduaren 3a artean egin den ekimenaren lehen edizioaren bukaeran “jarraipena izango duen ariketa” izango zela azpimarratu zuten Euskaraldiaren sustatzaile diren erakunde eta eragileen ordezkariek eta jadanik bigarren edizioa prestatzeko lehen urratsak ematen ari dira koordinazio lanetan ari diren erakundeak.

Xehetasunak lantzen ari baldin badira ere, bigarren Euskaraldiak bi ardatz izango dituela aurreratu dute sustatzaileek: batetik, lehen edizioan protagonista izan diren ahobizi eta belarriprest rolen bitartez Euskal Herri osoko herritarrei beraien harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia egingo zaie; bestetik, bigarren edizioko berrikuntza modura, era guztietako entitateei beraien funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematea bultzatuko du Euskaraldiak. Erakunde publiko, enpresa, komertzio, elkarte eta gizarte eragileak izango dira bigarren ardatz honetan konpromiso zehatzak hartu eta gauzatuko dituzten entitateak.

Herritarrei eta entitateei deia

Hizkuntza ohiturak eta inertziak aldatzea epe luzeko lana dela jakitun, berriro ere ahobizi edo belarriprest modura jokatzeko gonbite bateratua egingo zaie herritarrei. Jakina denez, Euskaraldiaren lehen edizioa ariketa masiboa izan da eta bigarrenean herritarrei euskararentzako harreman eta eremu berriak irabazten jarraitzeko deia egingo zaie.

Horretarako, ahobizi eta belarriprest rolek izango dute berriro protagonismoa eta ikurren bidez identifikatzea izango da ariketaren elementu garrantzitsuetako bat. Erabilitako ikurrek (txapak izan ziren ariketaren ikur nagusia) segida izango dute.

Entitateek, berriz, funtzio aktiboagoa izango dute Euskaraldiaren bigarren edizioan. Aurrekoan 200 entitatetik gora izan ziren ekimenaren sustatzaile (milaka, herrietako elkarte, erakunde eta eragileak kontuan hartuta). 2020an, aldiz, urrats bat aurrera egin eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera eta praktikak babesteko konpromiso zehatzak hartzeko eskaria egingo zaie parte hartzen duten entitateei. Urrats hauek eskatuko duten aurre-lana aintzat hartuta, 2019 urtean bertan hasiko dira entitateak neurriak hartzen eta herrietako batzordeak lanean.

Lehen edizioaren emaitza

Azaroaren 23a eta abenduaren 3a artean egindako ariketaren emaitzak jasotzen ari dira asteotan, herriz herri eta hainbat entitatetan antolatuta egon diren batzordeen balorazioak jasoz. Horrekin batera, Euskaraldiko parte hartzaileen datuen azterketa egin du Gaindegia behategiak Euskaraldiaren antolatzaileen enkarguz. Izena eman duten 220.000tik gora belarriprest eta ahobizien azterketa egin da, herri, eskualde eta lurraldekako datuak hainbat aldagairekin erkatuz. Emaitzak ekimenaren webgunean aurkitu daitezke web orrialdean.

Azkenik, Soziolinguistika Klusterrak gidatutako ikerketa ere martxan da (martxoan jasoko dute partaideek azken galdetegia) eta udan ezagutu ahal izango dira Euskaraldiaren lehen edizioak izan duen eraginaren emaitzak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide