Errigorako olioa eta kontserbak eskatzeko aukera izango da martxoaren 29a bitartean

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2023ko mar. 9a, 15:44

Herritarrek olio bidoiak eta kontserba poteak eskatzeko aukera izango dute Errigoraren webgunean. Eskaerak martxoaren 29ra bitartean egin ahalko dira.

Errigoraren udaberriko kanpaina iritsi da, eta urtero bezala, horrela nahi duten herritarrek olio bidoiak eta kontserba poteak eskatzeko aukera izango dute. Eskaera guztiak Errigoraren webgunean egin beharko dira. Hain zuzen, webgune horretan dago eskaintzen ari diren produktuen informazioa zehatza.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina bestela kontsumitzeko bide bat da. Errigora balioen arabera kontsumitzekoa, hain zuzen, eta zehazki, gaurtik hilaren 29ra kanpaina honetan parte hartuz, bertako elikagaien alde egingo, euskara indartuko, auzolana bultzatuko eta ekoizpenean bidezko harremanak sustatuko dituzte herritarrek.

Martxoaren 1ean aurkeztu zuten Errigora Balioak identifikatzailea, Errigoraren produktuak Errigoraren balioekin estuago lotzeko berme zigilua. Eta kanpainan eskaera egitea identifikatzaile hori indartzeko bidea ere bada. Izan ere, berme zigilu bizia da Errigorak sortu duena, erronka berriei erantzun nahi diena, eta, kontsumitzaileen babesarekin, ekoizpenaren eremuan pauso berriak emateko eta identifikatzaileak konpromiso sakonagoak barnebiltzeko babesa izango du. Errigorak esan ohi duen bezala, kontsumitzeko modua aldatuta, ekoizteko erak alda ditzakegu.

Informazio gehiago

Gaurtik martxoaren 29ra bitartean egin ahalko dira eskaerak, eta horretarako bi bide zabaldu dituzte Azkoitiko sustatzaileek: batetik, 848 87 12 23 telefono zenbakira deitu (09:00etatik 13:30era bitartean), eta bestetik, Errigoraren webgunearen bitartez. Kanpainaren sustatzailek erosketak kreditu txartelarekin egitea hobetsi dute. Maiatzean egingo dute Errigorako produktuen banaketa, baina oraingoz zehaztu gabe daude banaketa egunak eta orduak.

Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak dituzte herritarrek aukeran, eta horien eskaerak egin daitezke dagoeneko. Kanpaina urtean behin egiten da, eta beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa bost litroko bidoietan eskaintzen da, eta gainontzeko produktuak hamabi unitateko sortetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide