Nafarroako suteetan kaltetutako lurren aldeko diru-bilketa abiatu du Errigorak

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2022ko uzt. 4a, 10:24

10.000 euroko diru ekarpena eginez abiatu du Errigorak kanpaina, eta auzolanaren bidez eredu aldaketa bat landu nahi du. Herritarrek bi bide dituzte beraien ekarpenak egiteko.

Basoak, zereal-lurrak, olibadiak, mahastiak… Nafarroan inoiz erregistratutako sute handienek 15.000 hektarea inguru kiskali zituzten ekainean. Hondamendia izan da Nafarroako lurrentzat, baina suhiltzaile, basozain, nekazari, abeltzain eta herritarren arteko auzolana erabakigarria izan da erabateko tragedia saihesteko.

Herritarren ordua dela sinetsita, diru-bilketa abiatu dugu, uztailaren 15era arte, auzolanak etenik izan ez dezan. Unearen larritasuna ulertuta, Errigorak 10.000 euro jarri ditu, eta euskal herritarrei haien ekarpena egiteko eskatu nahi diegu, nork bere ahalaren neurrira, lurra bestela kudeatuko duten proiektuak sustatzeko. Atera dezagun txarrenetik onena; izan daitezela errautsak ongarri.

Zertarako erabiliko da dirua?

Lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak sustatu nahi ditugu, aurtengoa izan dadin, betiko, Nafarroan inoiz piztu den suterik handiena. Nagusiki, bi lan-ildo jorratu nahi ditugu:

  1. Suteak zabaltzea zailtzeko eta herriguneak babesteko suebaki berdeak sortu nahi ditugu.
  2. Abeltzaintza estentsiboa sustatu nahi dugu, ganadua izan dadin suhiltzaile eraginkorrena

Nork kudeatuko du dirua?

Diruaren erabilpen zehatza adosteko ondorengo kideez osatutako mahaia osatu dugu:

  • Mirian Otxotorena (CPAEN-NNPEK)
  • Mikel Tabar (Tafalla-Zagozaldeko basozaina)
  • Victor Rubio (suhiltzailea)
  • Patxiku Irisarri (EHNE-Nafarroa)
  • Juan Carlos Castillo (Azkoiengo alkatea eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakaria)
  • Imanol Ibero (nekazaria eta Errigorako kidea)

Diru ekarpena egiteko, sakatu honako lotura honetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide