Pilotalekuan dugun lekua aldarrikatzeko lanean

Azkoitiko Emakumea Pilotari Taldeko hainbat kide.

Azkoitiko Emakumea Pilotari Taldeak abuztuko Maxixatzen aldizkariko 'Komunitatin leixue' atalerako egindako ekarpena:

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, emakumeek pilota munduan zuten parte hartzea sustatzeko asmoz, 2004an abian jarri zuen Emakumeak Pilotari proiektua. Azkoitian, ordea, federazioak 4 urte geroago jarri zuen martxan proiektua, Azkoitiko Oteiza Pilota Elkartearekin eta udalarekin lankidetzan.

Proiektu honen bidez, emakumeek historian zehar frontoian izan duten lekua mantendu nahi da. Azkoitian, 2008. urtean neska eta emakume ugarik izan genuen aukera pilotan jokatzeko. Amamak, amak eta alabak; denak onartzen ditu proiektuak. Batzuek urtebete egiten dute, eta beste batzuek gehiago. Batzuk joan eta besteak etorri. Urtero jende berria animatzen da, eta pala gustuko duen guztiak animatzen ditugu parte hartzera.

Taldea osatzeari esker, federazioaren bidez udal pilotalekuan ibiltzeko aukera izaten dugu. Horretaz gain, aseguru zibila egiten digute, eta pare bat txapelketatara doan joaten gara. Txapelketa horiek herriartekoak izaten dira, eta giro jatorra egoten da. Bide batez, beste herrietako jendea ezagutzen dugu eta askotan txapelketa gehiagoren berri izaten dugu. Astean bi aldiz elkartzen gara Gurea frontoian, astelehenetan 19:00etan eta ostiraletan 17:00etan. Bi egunetan ordu eta erdiko saioa egiten dugu. Garai batean hainbat entrenatzaile izan genituen, baina azken lau urteetan geure erara ibiltzen gara. Maila zein adin guztietako jendea elkartzen gara, eta, normalean, bikoteak orekatuz elkarren artean partidak jokatzen ditugu. Helburua ongi pasatzea baita!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide