10:00etan hasi ziren lehenengo pilota partidak. Azkoitiarrak ezin hobeto hasi ziren, lehenengo bi partidetan erraz irabazita. Hurrengo bietan, gauzak zaildu egin zitzaizkien, eta ezin izan zituzten irabazi. Ondoren, goizeko ligaxkako atzenengo bi partidetan garaile izan ziren. Guztira irabazi zituzten lau partidei esker, finalerdietara pasatu ziren.
Arratsaldean, finalerdiei ekin zieten eta erraz hartu zituzten mendean zizurkildarrak, 15-4 emaitzarekin. Horrenbestez, finalera pasatu ziren. Finalean aurkariak gehiago izan ziren, eta 8-7 jartzea lortu zuten arren, Amaia Vicario eta Ane Arregi donostiarrek irabazi zuten txapela, markagailua 15-10 utziz.
Emakume pilotariak izan ziren protagonista atzo, Tolosan. Guztira 16 emakumek eman zuten izena, aurten Azkoititik bikote bakarra animatu zen; hurrengo urtera begira pala gustuko duten herriko neskak animatu nahiko genituzke txapelketa polit honetan parte hartzera.