Emakume pilotariak izan ziren protagonista larunbatean Tolosan. Guztira 46 emakumek eman zuten izena, Beotibar pilotalekuan jokatu zen emakumeen pala txapelketa azkarrean parte hartzeko. 23 bikote horietatik 4 Azkoitiko Emakumea Pilotari taldekoak izan ziren.
Goizeko 10etan hasi ziren lehenengo pilota partidak. Azkoitiarrak ondo hasi ziren, bikote guztiek irabazi baitzuten jokatutako lehen partida eta denek lortu baitzuten hurrengo errondara pasatzea. Baina txapelketak aurrera egin ahala, gauzak zailduz joan ziren. Hala ere, Amaia Aizpuru eta Maria Ostolaza azkoitiarrek osatutako bikoteak aurrera egitea lortu zuen eta final-erdietaraino iritsi ziren. Azkenean, Amaia Vicario eta Ane Arregi donostiarrek irabazi zuten txapela, finalean Ainara Azpiazu eta Josune Urruzola hernaniarrak 12 eta 4ko emaitzarekin garaitu ostean.
Egun osoan izan zen pilotaz gozatzeko aukera. Izan ere, herri-mailako txapelketa azkarraren ostean Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketako finalak jokatuko baitziren, 17:15ean hasita. Bigarren mailari dagokionean, 30 eta 16 irabazi zieten Rodas berrobitarrak eta Arrillaga zubietarrak Otaegi donostiarrari eta Erasun zizurkildarrari. Eta lehen mailako finalean, berriz, Otaegi asteasuarra eta Mendizabal anoetarra nagusitu zitzaizkien Garmendia alegiarrari eta Eizmendi aiarrari 30 eta 27ko emaitzarekin.
Larunbateko jaialdiaren inguruko informazio zehatzagoa eta argazkiak Tolosaldeko atarian.