Eguzkik bi kasu salatu ditu Udaltzaingoan

Eguzkik duela aste batzuk salatutako kasua.

Eguzki Erakunde Ekologistak bi kasu salatu ditu Azkoitian. Lehen salaketa Matadeixen egin du, eta bestea, Trino de Uria kalean.

Joan den igandean honako bi kasu hauek salatu ditugu Udaltzaingoan. Azkenaldian nahiko ohikoa da Matadeixen isurketak ikustea. Duela aste batzuk komunikabide honetan bertan jakinarazi genuen Urola ibaitik teilape bat, igeltsua, aparatu elektroniko bat eta entxufe baten tapa atera genituela. Orain, zaborrak dira horren inguruan zabalduta daudenak.

Bigarren salaketak Trino de Uria kalean du kokapena. Egunero, ibair ondoko pasealekutik buelta bat ematen badugu, goiz edo berandu, askotariko jakiekin egingo dugu topo espaloian. Aurkitzen ditugun janari hondarrek duten moduagatik, argi dago indarrez erori direla ibaira, hainbatek bota egin dituztelako.

Iazko irailean, Eguzkik hondakinak biltzeko ekintza bat egin zuen haizeak ibaira eramaten duen hondakin kopurua erakusteko. Eta orduan ikusi ahal izan genuen lehi batetik ibaira janaria botatzen zutela. Tamalez, inguru horretan ez dute soilik janaria botatzen ibaira, hondakinak ikustea ere ohikoa da.

Gogoratu nahi dugu zabor poltsak edozein bazterretan uztea edo edozer gauza leihoetatik ibaira botatzea erabat debekatuta dagoela. Azkoitiko herriari horrelako jarrerak, nahiko ohikoak direnak, salatzea ere eskatzen diogu.

Herritar gehienek beraien betebeharrak betetzen dituzte; gutxi batzuek, aldiz, beraien hondakinak nahi dituzten lekuan bota eta uzten dituzte. Ez da onargarria.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide