Jendea gorroto dut

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Etxezarreta 2016ko api. 5a, 10:37

Guk geuk sortu dugun sistema kapitalista autosuntsitzaile hau giza espeziearen dohain nagusienaren isla da. Dohain hau hausnarketa honetan laburbildu daiteke: Ez dut inoren garuna kolpatuko sistema honek gizakien arteko zapalkuntza eta sufrimendua sortzen dituela esaten dudanean, ados. Kontua da, ordea, gizakion egunerokotasuneko bizimoduaren zoriontasun maila, ingurukoen sufrimendu mailaren araberakoa dela.

Hau da, ingurukoen sufrimenduak zoriontsu egiten gaitu. Pentsa dezagun nire aurreko bizilagunari gaur egungo kapitalismoaren ikuspegitik negatiboa den zerbait pasatzen zaiola: etxeko galdara puskatu, semea ospitalean izan, egunotan egiten ari den eguraldiarekin ez dagoela konforme… edozer. Guk horren berri dakigun momentuan, enpatia adieraziko diogu, elkartasun delako bat; baina gure barrenean poztu egingo gara berak pairatzen duen zerbait negatibo hori ez daramagulako gainean.

Gizaki guztiok horrelakoak garela oinarritzat hartuta, bi pertsona motaz dago osatua mundua. Lehenengoa, adeitsuen taldea da, elkar begirunez tratatzen duten pertsonen giza taldea. Begirune maila desberdinetan mugitu daiteke, pertsona bakoitzaren arabera, hala eta guztiz ere, gutxieneko mugatik gora. Bigarrengoa, intoleranteena, begirunez tratatzen den giza taldean adeitasun eza eta intrantsigentzia inposatzen duten pertsonek osatzen dute. Hauen ustetan, elkar begirunez tratatzen duten jende zibilizatua jende ahula da, behe mailakoa, eta beraien gainetik sentitzeko beharraren deia jasotzen dute.

Gure herrietako kaleetan, inkontzienteki bada ere, giza talde hauen arteko guda existitzen da. Zein ari da, alabaina, guda hau irabazten? Intoleranteen taldea, noski, eta zergatik? Bi arrazoi nagusi daude. Bata, talde hau kapitalismoaren ideologiak defendatzen dituen ideiengatik gertukoago ageri delako. Ez dezagun ahaztu jende honen helburua sufrimendua eta zapalketa ahalbidetzea dela. Bestea, adeitsuen taldeak dituen barne gatazketan dago oinarritua. Elkar begirunez tratatzen dutenen artean bada masokista sektore zabal bat, gaur egungo sistema honek oinarritutako gizartearen parte sentitzeko eta, aldi berean, bere babesa sentitzeko intoleranteekin harremanak izateko beharra sentitzen duten horiena, alegia.

Barne gatazka hori adeitsuek aurrera eraman nahi duten iraultza hori oztopatzen ari da. Iraultza hori mundu honetako gizakien arteko begirunean oinarritutako sistema bat ezartzearen aldekoa litzateke. Askotan esaten den bezala, sistema aldaketa bat proposatzen duten sektoreen artean izaten dira barne zatiketa gehienak, sistemaren defentsazaleak ,berriz, bloke batuagoan mantendu izan ohi dira.

Iraultza gure egunerokotasunean dago, intoleranteekin bukatu arte ez dugu lortuko bihotzean daramagun mundu berri hori eraikitzea. Beraz, gudara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide