Zergatik EAJ? Zein da Euskadiren aldeko bozka abertzalea?

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ

Datozen Estatu mailako hauteskundeak blokeen arteko lehia baten moduan saldu nahi izan digutena ikuspuntu espainiarretik, polarizazioa bilatuz. EH Bildu marko politiko espainiar horretan osorik erori dela ikusi dugu, PSOEren ezkerretara aurkitzen den ezker hori osatu nahian gainontzeko estatu mailako alderdiekin, “Espainia arrisku errakzionariotik babesteko” asmotan. Ildo horretatik bideratu dute kanpaina, Sanchezi baldintzarik gabeko babesa eskainiz, “gratis” Oskar Matuteren hitzetan, orain arte bezala. Errelato horretan eroso daude, ezkerreko bozka espainiarra bereganatu nahian, baina zein da PSOE eta EH Bildu bozkatzearen arteko desberdintasuna?

Alde batera utzi dute aberrigintza eta autogobernuaren aldeko defentsa. Autogobernua indartzeak, foru eskubideek historikoki foru lurraldeoi eman diguten subiranotasuna, nazio aitortza eta gainontzeko nazio edo estatuen maila berdinean egotea ahalbidetuko digun estatus politikoa ordezkatzen du. Aztertu beharrekoa da euskal alderdi bakoitzak bere ibilbide politikoan autogobernuarekiko hartutako jarrera. Hemen bilatzen dugu bi alderdien arteko desberdintasun nagusia. 1979an Gernikako Estatutua onartu zenean, ezker abertzaleak -edo subiranistak, edo plurinazionalak, edo PSOEren ezkerreko ezkerrak, jada ez dakit nola deitu, ezta haiek ba ote dakiten ere-, hura ez babesteko eta abstentziorako deia egin zuen, EAJren lanari esker aurrera atera zelarik. Baina ezker abertzalearen autogobernuaren aurkako jarrera hori ez da iraganera mugatzen, azken legealdian ikusi dugu EH Bildu Madrilen gure eskumenak zapaltzen zituzten legeak -ondorio onik ekarri ez duen 2023ko Etxebizitza Legea esaterako, azken hilabetean asmo elektoralekin konpontzen ahalegindu direna- onartzen. Ez da hor bukatzen, azken asteetan jakin dugu EH Bilduk agintzen duen bi udalerritako udaltzaingoak Intxaurrondon jaso dituztela tiro-praktikak -Guardia Zibilaren eskutik-, Arkauten jaso beharrean. Beste behin, gure autogobernu, instituzio eta polizia zapalduz, Guardia Zibil espainiarraren mesedetan. Hau onartezina da eta bere larritasunaz jabetzea ezinbestekoa da, are gehiago Guardia Zibilak instituzio moduan Euskadin ordezkatzen duena ezagututa.

Aberrigintzaren beste ardatz nagusietako bat da euskal selekzioen ofizialtasuna, Argentinan eta Uruguain ospatutako munduko pilota txapelketan ikusi dugu gure selekzioa, lehenengoz nazioartean lehiatzen. EH Bilduko ordezkariak entzun ditugu domina historiko horiek ospatuz, eta hor sortzen da hurrengo kontraesana. Gogoratu beharrekoa da Diputatuen Kongresuan euskal pilota eta surf selekzioen ofizialtasuna jaso zuen Kirol Legea onartzerako orduan, EH Bilduk ez ziola baiezkorik eman euskal selekzioak mundu mailan lehiatzeko aukerari. Uruguai eta Argentinatik 12 dominekin itzuli bagara, EAJren negoziazio lanei esker izan da, gure selekzioan sinesten duelako. Beren burua ezker abertzale moduan definitzen duten horiei, abertzale hitzak beraientzat zer esan nahi duen galdetu nahiko genieke, guk dugun kontzeptua erabat urruntzen baita haien jardunak erakusten duenetik.

Datozen hauteskundeetan, Euskadiko bozkek ez dute espainiar estatuko hurrengo presidentea erabakiko, euskaldunon borondatea nork defendatuko duen baizik. Zentzu honetan, ez da blokeen arteko lehia horren aurrean aurkitu garen lehen aldia. Francoren altxamenduaren aurrean, askatasunaren aldeko apustua egin zuen berehala, baino ez espainiar errepublika itsu-itsuan defendatzekoarena. Euzkadi Buru Batzarrak altxamendu honen aurrean adierazi zuen moduan:


“Ante los acontecimientos que se desarrollan en el estado Español, y que tan directa y dolorosa repercusión pudieran alcanzar sobre Euzkadi y sus destinos, el Partido Nacionalista Vasco declara -salvando todo aquello a que le obliga su ideología que hoy ractifica solemnemente- que, planteada la lucha entre la ciudadanía y el fascismo, entre la República y la Monarquia, sus principios le llevan indeclinadamente a caer del lado de la ciudadanía y la República, en consonancia con el régimen demócrata y republicano que fue privativo de nuestro pueblo en sus siglos de libertad”.


Esaldi honek argi erakusten du EAJren borrokak euskal herritarron eskubideen eta askatasunaren defentsa duela ipar, eta ondorioz, helburu horrekin egin zuela errepublikaren aldeko hautua, inondik inora marko espainiarra erosi gabe, orain EH Bilduk eginen duen moduan. Ez zen ez batarekin, ez bestearekin identifikatzen, baina bi aukeren artean aukeratzera behartuta egonik, bietako batean “erori” beste erremediorik ez zuen izan, bere printzipioek bultzatuta. Adierazpenak ez du zalantzarentzako tokirik uzten, aukeratzera behartuta zegoen eta aukeratu egin zuen, beti egin duen moduan Euskadiren interesen alde.

Garai hartan Bizkai Buru Batzarreko presidente zen Juan Ajuriagerrak gerora esango zuenez; “promulgamos una declaración dando nuestro apoyo al Gobierno republicano. Tomamos esa decisión sin mucho entusiasmo, pero convencidos de haber elegido el bando más favorable para los intereses del pueblo vasco”. Aberrigintza horrela ulertzen du EAJk, Euskadiren interes eta borondatearen defentsan, ezker eta eskuinen gainetik, berea beti Euskadi eta euskal herritarron interesen aldeko borroka delako.

Azkenik, hauteskundeak ikuspuntu demagogiko batetik antifaxismoaren aurkako guda baten modua saldu nahi dituzten horiek hausnarketara bultzatu nahi ditugu. Badakigu VOX-ek zer ordezkatzen duen, bai eta botere gosez bozka ihesa saihesteko epe-motzeko estrategia desesperatu batean haiengandik gero eta gertuago dagoen Alderdi Popularrak ere. Ezagutzen dugu demokrazia eta autogobernuan izan dezakegun atzera pausoa. Horren aurrean izango da beti EAJ, ez du inoiz ahalbidetuko bi haien arteko Gobernu bat, azken legealdian egin zuen gisan, aurrean izango dute Euskadiren defentsan. Hala ere, batzuk egin nahi duten moduan, egungo estatu mailako errealitate politikoa Francoren diktadurarekin parekatzea egoera neurriz kanpo sinplifikatzea da, gizartea errealitatera egokitzen ez den egoera batekin beldurtzeko ahalegina. Ezin bada alderatu ez da bi haiek horretan sinesten ez dutelako, Europar Batasunaren barruan gaudelako baizik. Europar Batasunak, arazoak-arazo, zuzenbide-estatua eta herritarron eskubideak babesteko kontrol-tresnak zehazten ditu, atzera pauso demokratikoak mugatuz. Beraz, PP-VOX Gobernu posible horrek, Europar Batasunaren mugen barruan jokatzeko beharra du. Hau esatea ere premiazkoa da, Europa da gure etxea eta gure babesa. EAJk beti horrela ikusi du, EH Bilduk ez bezala.

Argi adierazi behar da EAJ izan dela herri honetan Europaren aldeko apustua egin duena beti, 1933ko Aberri Egunekoa da “Euzkadi Europan” leloa. 1947an sorturiko “Nuevos Equipos Internacionales”-en fundatzaile izan zen Jose Antonio Agirre, Jesus Maria Leizaola eta Francisco Javier Landabururen eskutik, gerora Europar Batasuna sortuko zutenekin batera. Diktadura frankista erbestetik salatuz, eta demokrazia eta Euskadik herrien Europan zuen tokia aldarrikatuz. Ezin da ahaztu, 1992an, ezker abertzaleak -Herri Batasuna deiturik-, Diputatuen Kongresuan Maastricheko Ituna berrestearen aurka bozkatu zuela, gaur ezagutzen dugun Europar Batasunari hasiera eman ziona. Beraz, guztiok ezker abertzaleak hartutako postura jarraitu izan bagenu, orduan izango litzateke herri honek bizi izan dituen garai gogorrenetara itzultzeko arriskua. EAJk, ordea, ez du sekula zalantzarik izan, muturreko mugimenduen eta gatazken gainetik, balio partekatuen eta demokraziaren abaro den Europa. Askatasun, Demokrazia eta Justizia Sozialaren Europa.

Blokeen dinamikaren gainetik, bada hirugarren aukera, abertzalea, herri eraikuntza oinarri izanik herri hau hezur-mamitu duena. Une bakoitzean erabaki zuzena hartzeko gaitasuna erakutsi duena, belaunaldi bakoitzak, jasotako balioetan oinarrituz alderdiaren ibilbidearekiko erantzukizunez jokatuz.

Lehen egin zen moduan, muturreko mugimenduen aurrean, Euskadi eta euskal herritarron askatasuna defendatuko ditu lekuko hori jaso duen belaunaldi honek ere. Horrela, PP eta VOX-en eta gainontzeko zentralismoen aurrean izango gara, aberrigintza eta eraikuntza soziala ardatz hartuta, Ebrotik beherako jokoa erosi gabe. Euskadiren aldeko aukera bakarra gara eta Euskadik behar gaitu, eman bozka abertzalea eta europazalea. Defendatu gure etxea. Defendatu Euskadi.

Gora Euskadi askatuta!

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide