Azkoitian 2004an jarri zuten Agirre lehendakariaren eskultura, bere jaiotzaren 10. urteurrenean. Demokraziaren, askatasunaren eta justizia sozialaren alde egindakoaren legatua dakar lan horrek gogora, eta bidea, aldarri horiei irmo eutsita egiten jarraitzeko konpromisoaren beharra. Bilboko Carlton hotelean eratu zen Euskadiko lehen gobernua eta hantxe izan zuen egoitza. "Eusko Jaurlaritza jaio da", zioen Euzkadi egunkariak. 1936ko urriaren 7an izendatu zuten Agirre lehendakari Gernikako Batzar Etxean egindako ekitaldian.
Zazpi hilabete baino iraun ez zituen Eusko Jaurlaritzak egungo Euskadiren zutabeak eraiki zituen. Frankismotik defendatzeko Eusko Gudarostea antolatu arren, Gernika bonbardatu zuten eta frankistek Bilbo hartu zuten 1937ko ekainaren 19an. Jaurlaritzak 42 urte pasatu behar izan zituen erbestean, Gernikako Estatutua izenpetu zen arte, alegia.
Jaurlaritzaren erbesteko helmugak izan ziren Santander, Bartzelona, Paris, Belgika, Alemania, Suedia eta Ameriketa. New Yorketik bueltan, 1945ean lehendakaria Parisera itzuli zen. 1960an Parisen hil zen Agirre, eta Leizaolak eutsi zion autogobernuari.
Agirre Lehendakariaren gobernupean sortu zen Ertzaintza, eta unibertsitate publikoa sortzeko lehen urratsak ere orduan eman ziren, politika sozial aurreratuenekin batera.
Lore eskaintza eta hitzaldia
Urteurren horren harira, Azkoitiko EAJk hainbat hitzordu antolatu ditu ostegunerako. Batetik, garai haietako gertakariak aletuko ditu Leyre Arrieta Alberdik Elkarguneko Zeharkako gelan, 18:30ean. Eusko Jaurlaritza: 90 urteko legatua goiburupean arituko da hura.
Arrieta Historia Garaikidean doktorea da, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle titularra. Euskal abertzaletasuna, euskal erbestea, europartasuna edota komunikabideen historia ikertu ditu, besteak beste, eta garai horietako hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu.
Hitzaldiaren aurretik, baina, Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena sinbolikoki ospatzeko, Agirre lehendakariaren eskultura aurrean lore eskaintza egingo du EAJk.