Batzokixen Berriketan egitasmoaren barruan, atzerritar jatorriko herritarrekin solasaldia antolatu da. Ostegunean izango da, hilaren 22an, 18:30ean Batzokian.
Saharako, Mexikoko, Marokoko, Senegaleko eta Venezuelako herritarrak gonbidatu dira, haien ahotsa entzuteko eta aniztasunaren balioa aldarrikatzeko xedez, diskurtso xenofoboak eta arrazistak gero eta ozenago entzuten diren eta presenteago dauden garai hauetan.
Migrazioaren auziak agenda publikoan duen garrantziaz harago, Azkoitian bizi diren kolektibo ezberdinetako herritarren bizipenak, beharrak, ikuspegiak eta iritziak ezagutuko dituzte bertaratzen direnek.
Ohi bezala, solasaldia irekia da eta nahi duen orok har dezake parte.