Bilboko Carlton hotelean eratu zen Euskadiko lehen gobernua duela 90 urte gaurko egunez, eta hantxe izan zuen egoitza ofiziala. Defentsa, autonomia eta oinarrizko zerbitzuak antolatu behar izan zituen lehenengo Eusko Jaurlaritza hark. Euskal autogobernu instituzionalaren lehen urratsa izan zen hura. Orduan egindako lanak bidea zabaldu zien gaur egungo euskal erakundeei, eta urte batzuk geroago, Gernikako Estatutuari.
Ideologia desberdinetako ordezkariak eseri ziren mahai-inguruan. Gerra betean, adostasuna eta humanismoa hartu zituzten oinarri, eta elkarrizketaren bidez, eskubide indibidualak eta sozialak, bake soziala, ordena publikoa, euskara, kultura eta erlijio askatasuna bermatzen saiatu ziren. Aldi berean, herritarren eguneroko beharrei erantzun behar izan zieten: osasunari, hornidurari, justiziari, ogasunari, industriari, garraioari, nekazaritzari eta hezkuntzari.
Agirre Lehendakariaren gobernupean sortu zen Ertzaintza, euskaldun guztion zerbitzurako erakundea. Unibertsitate publikoaren lehen urratsak ere eman ziren, Basurtuko Ospitalean Medikuntza Fakultatea abian jarrita; eta ikurrinaren nahiz ereserkiaren bidez, Euskadiren eraikuntza sinbolikoari ere ekin zioten.
Sinbolo horiek historia eta ahalegin kolektiboa dituzte atzean eta ez dugu onartuko Euskadiren eraikuntzan gutxien lagundu duten alderdi politikoek sinbolo horiek gaur beren etekin politikorako erabiltzea.
Agirre Lehendakariak honela deskribatu zuen une historiko hura:
"Denok genekien toki historiko hartan elkartu ginela, euskal herritarrok aberriaren eta gizateriaren alde egingo genuen sakrifiziorik handienaren hasiera irudikatzen zuen ekitaldian elkarrekin bizitzeko.
Francoren botere militar italiar-alemana ikusi ondoren, arratsalde hartan Gernikara hurbildu eta gobernu gazte hura bere herriaren aurrean solemnitatez aurkezten ikusi izan balu atzerritarren batek, eta gaizki hornitutako boluntarioen tropa haiek ordura arte mespretxatua izan zen banderarekin desfilatzen ikusi balitu, pentsatuko zukeen eroen edo helduarena egiten ari ziren haurren kontzentrazio baten aurrean zegoela.
Baina euskaldunok erabat ulertzen genuen une historiko haren garrantzia eta sakontasuna: Euskadi, betidanik demokrazia izan zen eta inoiz izateari utzi ez zion nazioa, askatasunaren bizitzara berriro jaiotzen ari zen".
Euskadiren izaera demokratikoari eutsi zion Eusko Jaurlaritza hark, une gogorrenetan eta baliabide gutxirekin, herri oso baten sakrifizio eta bultzada atzetik zuelarik. Gazte talde hark diktadura eta totalitarismoen aurka eta askatasunaren alde egin zuen borroka, beren bizitza herri honi eskainiz. Indarrez betetako gazte haien helburu eta ametsak belaunaldiz belaunaldi pasa dira, gaur arte. Euren borrokak askorako balio izan zuen, eta orain, guri dagokigu hura aitortu, lekuko hori hartu eta bide horri jarraipena ematea.
Gobernu hura erakusburu eta iparrorratz da. Ezohiko egoera batean jaio zen batasuneko gobernua izan zen, aberriaren eraikuntza eta pertsonak erdigunean jarri zituena. Horixe da utzi ziguten irakaspena: printzipioetan sendo, besteen ideiekiko errespetuz eta adostasunerako prest aritzea, askatasunaren eta demokraziaren alde.
Azkoitian, 2004ean jarri genuen Agirre lehendakariaren estela, bere jaiotzaren ehungarren urteurrenean hain zuzen ere, ibiltoki horrek Agirre lehendakaria ibiltokia izena hartu zuelarik. Agirre lehendakariaren jarduna, gaur egun hain beharrezkoak ditugun hiru ardatz sakonetan oinarritu zen; demokrazia, askatasuna eta justizia soziala. Eusko Alderdi Jeltzaleak, bere historia eta ibilbide politiko osoan zehar hiru ideia horietan oinarritu da, eta bide horri jarraituko dio aurrera begira ere, Euskadiren interes eta borondatea defendatuz, ezker eta eskuinen gainetik, gurea beti Euskadi eta euskal herritarron interesen aldeko borroka delako.
Azkenaldian, populismoaren gorakadak aspaldi gainditutzat jotzen genituen diskurtsoak ekarri ditu berriro plazara. Zarata politikoaren erdian jarrera antidemokratikoak indartu dira, eta lehen onartezinak iruditzen zitzaizkigun mezu batzuk normaltasunez zabaltzen hasi dira.
Horregatik da gaur ere baliotsua lehen Eusko Jaurlaritzaren irakaspena. Garai latzenetan ere, desberdinen artean hitz egin, adostasunak bilatu eta pertsonen beharrak erdigunean jarri zituzten. Guk ere hori egin behar dugu: eskubideak, demokrazia eta askatasuna irmo defendatu, inor atzean utzi gabe.
Aberrigintzan darraigu, sustrai sakonak ditugu, geure erakundeak ditugu eta, batez ere, izaten jarraitzeko borondatea, gure nazioa aitortua izateko nahia. Atzera begiratu eta bakoitzaren ibilbidea erreparatzea ezinbestekoa da, nondik gatozen eta zein baliotan oinarritzen garen ulertzeko, eta baliagarriak zaizkigun irakasgaiak berreskuratzeko. Gu oso harro gaude gure ibilbideaz, hamarkadaz hamarkada erakutsitako jokaeraz, pertsona askeko aberri aske baten eraikuntzan eginiko lanaz.
Gure sustraietan aurki dezakegu etorkizunerantz egiteko indarra. Hori da belaunaldi honen egitekoa: jaso dugun ondarea zaindu, gaurko erronkei erantzun eta biharko Euskadi eraikitzen jarraitzea.
Gora Euskadi askatuta!".