1907an sortua, 1981etik Batzokia Julio Urkixo kalean kokatzen da, eta iaz guztiz eraberritu zen. Duela urtebete, apirilaren 25ean, zabaldu zituen ateak, itxura berrituta. Urtebete igarota, Batzokiak urtemuga ospatzeko asmoz, egitarau zabala antolatu du eta asteburu honetan bertan izango da zertaz gozatu.
Aurretik, bihar, hilak 23, Batzokixen Berriketan egitasmoaren barruan, Eugenio Ibarzabal Aranberri ekonomista, kazetari eta idazlea izango da gonbidatu. 18:30ean izango da solasaldia. Ibarzabal Juan Ajuriaguerra. El Hermano Mayor liburuaren egilea da, eta solasaldian, 36ko gerratik 1978an hil zen arte, EAJk izan zuen erreferente handienetakoaren nortasuna eta bizitza izango ditu hizpide Ibarzabalek, justu Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenean.
Ibarzabalek Ekonomia Zientziak ikasi zituen, eta Zeruko Argian eta Herri Irratian kolaboratzaile izan zen, baita Deiako erredaktore buru ere, eta 1979ean, Muga aldizkaria sortu zuen. Administrazioan ere hainbat postu izan ditu, eta Jose Antonio Ardanza Gipuzkoako Diputatu Nagusi zela, bere kabinete teknikoko buru izan zen 1983tik 1985era. 1985etik 1987ra, berriz, Jaurlaritzako idazkari nagusia eta bozeramailea izan zen Ardanza lehendakari zela. Politika utzitakoan, La Trampa eleberria idatzi zuen eta telebistan hasi zen lanean. Besteak beste, El Otro Punto de Vista saioaren zuzendaria izan zen.
Herri-kirolak eta dastaketa
Asteburuari begira, larunbatean Batzokian Euskal Jaia egingo da. 12:00etan hasita, erakustaldia eskainiko dute Eneko Otaño eta Ugaitz Mugerza aizkolariek zein Guzta eta Goenatxo harri-jasotzaileek.
Jarraian, 13:15ean, urdaiazpiko dastaketa izango da, euskal kantuekin girotuta.
Egitarauak jarraipena maiatzaren 2an izango du. Joseba Diez Eusko Legebiltzarreko EAJren bozeramailea izango da Azkoitian EGIko gazteekin, eta baita Elgoibarko alkatea den Maialen Gurrutxaga ere. Bazkariarekin eta musikarekin borobilduko dute eguna.
Ekainaren 4an, berriz, uda aurreko Batzokixen Berriketanen azken saioa izango da, eta bertan, Espainiako kongresuan EAJren bozeramailea den Maribel Vaquero etorriko da Batzokira.