Azkoitiko Gaztetxea

EAJk Lidl husteko eskatu, eta gogor kritikatu du EH Bilduk eta Azkoitia Baik bide judizialari hasiera ematea galaraztea

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2026ko martxoaren 30a

Sare sozialetan Azkoitiko Gazte Asanblada bezala identifikatu den gazte taldeak lehen Lidl zegoen pabiloia okupatu izanaren aurrean, Azkoitiko EAJk Ana Azkoitia alkatearekin bat egin du, eta eraikina husteko eskatu du. Era berean, oso kritiko agertu da EH Bilduren eta Azkoitia Bairen jarrerarekin.

Gaur goizean, Azkoitia Lantzeneko Administrazio Kontseilua bildu da, non EH Bilduk eta Azkoitia Baik gehiengoa duten. Bi alderdiek epaitegian eraikinaren huste agindu eskaera egitearen aurka bozkatu dute. Prozedura hori gauzatzea ezinbestekoa da judizialki kaleratze baimena izateko. Gogoratu behar da eraikinaren jabetza Azkoitia Lantzenena eta Etorlurrena dela, hurrenez hurren, udalaren eta foru aldundiaren sozietate publikoenak, hain zuzen.

EAJren iritziz, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen jarrera "izan daitekeen erosoena eta errazena" da, baina "arduragabea" da. "Elkarrizketa proposatzen dute baina ez dute ezer esaten legearen eta elkarbizitzaren kontrako okupazio baten aurrean. Norberarena ez dena okupatuz hasten den bidea ez da inoiz irtenbide bat bilatzeko bide egokia. Gobernuan ez daudenez, badirudi ordea, edozerk balio duela  EH Bildu eta Azkoitia Bairentzat. Ondorioz, arduraz jokatzeko eskatzen diegu. Eraikin publiko bat okupatu dute, eta hori onartezina da. Azkoitian eta edozein lekutan”.

"Argi dago, Lidl-en eraikin zaharra ez dago jendea hartzeko prestatuta. Zerbait gertatzen bada, norena da erantzukizuna?”. Erantzukizunez jokatzea eraikina uztea da, eta borondatez ez bada egin nahi, judizialki egin behar da. Horregatik ez dugu ulertzen EH Bilduren eta Azkoitia Bairen jarrera. Ez hori bakarrik, gainera Intsaustiko eremuan "etxebizitzak eraikitzea aurreikusten da, etxeak ere behar-beharrezkoak direlako herrian, eta okupazio hau zuzenean asmo honen kontra doa”.

Halaber, EAJk zera gaineratu du: “Gaztetxea irekitzea aztertu behar bada, Azkoitiko gazteekin hitz egin beharko genuke, eta ez bakarrik Azkoitiko Gazte Asanbladarakin, edo AGAk herriko gazte guztiak ordezkatzen ditu?”. Zentzu honetan, Urola erdiko GKSk argi utzi berri du zein den AGAren asmoa: “Gazte langileon antolakuntza politikoa sustatzea… Izan ere, Gaztetxeak ekimen sozial nahiz kulturalak burutzeko espazioak izateaz gain, espazio politikoak dira batez ere”. Beraz, ez da gazteentzako kultur espazio anitz bat, GKSk sustatzen duen politika egiteko espazio bat baizik. Hori ondo dakite Azkoitiko Matadeixen eta guk ondo dakigu ez dela Azkoitiko gazte guztiei zuzendutako proiektua”.

Ondorioz, EAJ legez kanpoko okupazio ororen aurka egonik, testuinguru demokratiko batean lekurik ez duen hertsapen eta inposizio bidea delako, ez dator bat mugimendu politiko baten mesederako den espazio publiko bat okupatzearekin eta, ondorioz,  berehalakoan uztea eskatzen dio AGAri.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide