"EAJk argi zuen oposizioaren aurrekontuekin ez zuela gobernatuko"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2026ko urtarrilaren 29a

Azkoitiko EAJren hautetsiak, artxiboko irudi batean. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko Udalbatzak atzo onartu zuen aurtengo udal aurrekontua, eta prozesuak eman duenaren balorazioa helarazi du EAJk. 

Azkoitiko EAJk Ana Azkoitia alkatea eta Udal Gobernu osoa zoriondu ditu, azkenean 2026ko udal aurrekontuak onartzea lortu delako, eta alkateak une oro erakutsitako akordioaren aldeko jarrera txalotu du. Horrez gain, atzoko udal osoaren ohiko bilkuran jorratutako hainbat puntu argitu nahi ditu alderdi jeltzaleak.

Atzoko udal osoaren ohiko bilkuran Ana Azkoitiak esandako hitzak berretsi ditu EAJk. “Alkateak azaldu bezala, Udal Gobernua oso garbia izan da oposizioarekin. EH Bilduk eta Azkoitia Baik aurrekontuak adostu zituzten, eta gehiengoa dutela aprobetxatuz, mugimendu bakar bat egiteko prestutasunik ez zuten agertu, Udal Gobernua irteerarik gabeko zirrikitu batera eraman nahian. Udal aurrekontuak aurkezteko eskumena Udal Gobernuarena da beti. Eta garbi azaldu zitzaion oposizioari Azkoitiko Udal Gobernuak ez zuela oposizioaren aurrekontuekin gobernatuko. Horretarako, -alkateak esan bezala- jarri daitezela eurak gobernatzen. Aritmetika kontu bat da, eta etika beste bat. Aurrekontuak gobernuak aurkezten ditu, eta oposizioak ekarpenak egiten dizkio, eta kasu honetan, ez dute horrela ikusi eta ulertu nahi izan”.

EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Baik urtarrilaren 16an itxi zuten akordioa. Ordurako, Udal Gobernuak bost proposamen jarri zizkion mahai gainean oposizioari. Azkena, bezperan.

Akordioa lortze aldera, Udal Gobernuak babesten dituen, eta momentuz behintzat, alde batera utzi behar izan dituen proiektuen artean daude, adibidez, San Jose Egoitzara igogailua jartzea, edota parrokiari dirulaguntza ematea teilatuaren konpontze lanetarako. “San Jose Egoitzako igogailua baztertzeak min egiten digu, behar beharrezkotzat jotzen dugulako, eta espero dugu Udal Gobernuak modu batera edo bestera aurrera aterako dituela biak ala biak”.

Azkoitia Baik abenduaren 31 baino lehen aurrekontuak onartu ez izana leporatu zion Udal Gobernuari, legea bete ez izana, alegia. EH Bilduk ere data ez errespetatu izana kritikatu zuen, ez hainbeste legearen ikuspegitik, baizik eta azken urteetako dinamika hausteagatik. “Nola sartu ba legearekin, EH Bildu agintzen dagoen hainbat herritan ere aurrekontuak oraindik onartu gabe daudenean! Gogora ekartzekoa da, arrazoiak arrazoi, EH Bildu Azkoitian gobernatzen zela, 2012an eta 2013an, martxoan onartu zirela udal aurrekontuak”.

Urte amaiera baino lehen aurrekontuak ez onartzeagatik, herritar batek Foru Aldundiaren eta Arartekoaren aurrean aurkeztutako kexaren harira, EAJk babes osoa erakutsi nahi dio alkateari. “Ana Azkoitiak atzo esan zuen moduan, salaketak ez dira jartzen ez Foru Aldundian ez Arartekoan. Arartekoaren lana da herritarren kexak edo proposamenak jaso eta administrazio publikoari dagokion gomendioak egitea. Ez dezagun salaketa formala kexa batekin nahastu”.

Aurrekontuen gaiak askorako eman duen arren, eta Udal Gobernuari energia eta denbora asko kendu dien arren, Azkoitiak 22.108.037 euroko aurrekontu bateratua izango du aurten. “Udal Gobernuan konfiantza osoa dugu, eta jakin badakigu, lanean gogor jarraituko duela aurrekontuetan txertatutako inbertsioak gauzatzeko eta herri honek merezi dituen bezalako zerbitzuak eskaintzeko”.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide