Akordioa lortzen saiatzeko eta 2026rako udal aurrekontuaren proposamena ixteko negoziazioen harira, Ana Azkoitia alkatea oso kritiko agertu da EH Bilduk eta Azkoitia Baik udal gobernuaren aurrean izaten ari diren jarrerarekin. "Gehiengoa dutela argudiatuta, ez dute hatzik mugitu jarrerak hurbiltzeko. EAJren proposamenaren inguruan EH Bilduk eta Azkoitia Baik ez dute negoziatzeko borondate izpirik erakutsi, eta horrek Azkoitia gelditzea helburu duen ezezkoaren bloke baten aurrean kokatzen gaitu", adierazi du Ana Azkoitia alkateak.
EAJrentzat oposizioko bi alderdiek oposiziotik gobernatu nahi dute, gobernuaren ardurak hartu gabe, eta xantaia egiten ari zaie Gobernuari: "Ez egin, egiten utzi ez, eta egiten ez delako kritikatu. Horrek batzen ditu ezezkoaren bloke bihurtu diren EH Bildu eta Azkoitia Bai. Azkoitia gerarazi, eta ezer ez egitearen ardura EAJri bota. Horrek batzen ditu EH Bildu eta Azkoitia Bai".
Estrategiak alde batera utzita, EAJrentzat tristea da erakutsitako itxikeria. EAJk, gehiengoa izan duenean nahiz gutxiengoan egon denean, kontuan hartu ditu oposizioaren eskaerak, eta talde guztien artean ahalik eta adostasun handiena bilatzen saiatu da beti.
Oraingo honetan, ez da posible izan, eta ez da izan udal gobernuak ez duelako saiakerarik egin. Udal gobernuak bere ardurak bete ditu. Aurrekontua aurkeztu du eta negoziaketarako borondate osoa azaldu du, EH Bilduk eta Azkoitia Baik ez bezala.
Tokiko gobernuari dagokio aurrekontuen proposamena aurkeztea, eta halaxe egin zuen alkateak. Ana Azkoitiak hainbat bilera egin ditu hasierako proposamena mahai gainean jarri ostean, eta beste hiru kontraproposamen ere aurkeztu dizkie oposizioko taldeei, haien eskaera gehienak jasota. Alkateak azken kontraproposamena astelehenean aurkeztu zuen batzordean, eta ondoren, beste saiakera bat ere egin du akordioa lortzeko, baina EH Bilduk eta Azkoitia Baik nahi dutena da, edo dena, edo ezer ez. Xantaia, hizki handiz: "Nahiago ezer ez, denon artean aurrera egin baino. Penagarria".
Oposizioak aurkeztutako proposamenen zerrenda "EH Bilduk eta Azkoitia Baik elkarrekin adostutako zerrenda da; erakutsi duten jarrera bezain itxia". "Udalerri-eredu berri bat" aldarrikatuz. "aurrekontu proposamena hobetu" dutela diote.
Udal Gobernuak bere azken proposamenean 449.700 euro arteko partidak onartu dizkie EH Bilduri eta Azkoitia Bairi; alegia, eskatutako guztia. "Hala ere, oraingoz ez da nahikoa izan gobernuaren eta oposizioaren arteko adostasuna lortzeko, eta aldaketa gehiago eskatu dituzte, eta aldi-aldian udal jarduna oztopatu", adierazi du alkateak. Aurrekontuak aurrera ateratzeko negoziatzeko gutxieneko borondatea eskatu du EAJk.
"Negoziazio orok kontzesioak egitea dakar, eta EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldetik ezezkoak baino ez dira izan", berretsi du. Momentuz, "aurrekontua luzatu egingo da, eta ikusiko dugu zer gertatzen den urte berrian", esan du alkateak.