"Gure ustez –adierazi du Ana Azkoitia alkateak– gehiegizko igoera da, kontuan hartuta %100eko errekargua aplikatzen dugula duela bi urtetik hona. Horixe negoziatu eta adostu genuen. Orduan ere ez ginen errekarguaren aldekoak, baina negoziaketa batek eman eta kendu egiten dizu. Ordea, ezin dugu urtero gauza bera eztabaidatu. Oreka bilatu behar dugu, jabetzarako eskubidea ere existitzen baita. Gainera, ezin dugu baieztatu errekarguak alokairuko etxebizitza eskaintza handitzen lagundu duenik. Datu bat: errekargua ezarri aurretik 68 etxebizitza zeuden inskribatuta Bizigunen, gaur egun 71 daude. Etxebizitza-eskaerari aurre egin behar diogu, noski, eta hori errekarguaren igoera defendatuko genuke merkatuan benetako eragina izango balu, baina oraingoz, diru-bilketarena da sortzen duen inpaktu bakarra. Uste dugu badirela hartu ditzakegun beste neurri batzuk, hala nola Bizigune bezalako programek eskaintzen dituzten abantailak azpimarratzea, gero eta etxejabe gehiago animatu dadin etxea alokairuan jartzera". Bizigune programan sartzen diren etxebizitzek, adibidez, %99ko hobaria dute kontribuzioan, iaz hala adostuta.
Errekarguarena da EAJren eta oposizioaren artean eztabaida eragin duen gai nagusia. Gainerakoan, proposamena, 2026ko ordenantza fiskalei dagokienez, tasa eta zerga guztietan %2,5eko igoera orokorra aplikatzea da, hala nola, OHZn edo kontribuzioan, baita Elkarguneko tarifetan ere. Aldaketa zaborren tasan dago, doikuntza nabarmenagoa jasango baitu.
Ezohiko bilkuran, proposamena onartuz gero, aldaketarik handiena zaborra eta hondakinak biltzeko zerbitzuaren tasan aplikatuko da. Etxeetako, merkataritzako eta ostalaritzako tasak %6 egingo du gora, eta industria tasak, berriz, %13 egingo du behera. Doikuntza kostuak estaltzeko egiten da, legez, zabor tasak ezin duelako defizitarioa izan.