Batzokiaren historia bideoan: 1907tik herrigintzan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ

Ordubete pasako ikus-entzunekoak batzokiaren ibilbidea azaltzen du elkarrizketen eta irudien bidez. Pello Larrañaga da bideoaren egilea eta ikusgai dago Azkoitiko EAJren Youtubeko kanalean.

Alderdi jeltzalearen etxe, denborak ekarri dituen aldaketa sozioekonomikoen lekuko eta eragile, abertzaletasunaren eta euskararen txoko, alderdikideen eta jarraitzaileen babestoki, aberriaren defendatzaile sutsu. Hori guztia eta gehiago izan da eta da Azkoitiko Batzokia. Herrigintzaren sustatzaile eta ikur 1907tik.

Batzokixe tabernaren irekieraren bueltan, hainbat ekitaldi antolatu ditu Azkoitiko Uri Buru Batzarrak, eta egitarau horren barruan aurkeztu da bereizi ezinak diren alderdiaren eta batzokiaren historia laburbiltzen duen bideoa.

Belaunaldi ezberdinetako ahotsak jasotzen dira bideoan, pasadizoak, oroitzapenak eta garai ezberdinetako begiradak uztartuta. Ordubete pasako ikus-entzunekoak batzokiaren ibilbidea azaltzen du elkarrizketen eta irudien bidez.

Izan ere, asko dago kontatzeko eta datozen belaunaldiei helarazteko. Batzokia 1907an sortu zen; Martzalgo etxean kokatu zen, egungo Ikurriñaren plazan. 1981eko apirilean lekualdatu zen Julio Urkixo etorbidera, egun ezagutzen dugun lekura.

Berritzearekin, indarberrituta zabaldu ditu ateak Batzokiak. Aurreko astean estreinatu zen bideoa alderdikideei zuzendutako emanaldian, eta jendetza bildu zen Batzokian.

Pello Larrañaga da bideoaren egilea eta ikusgai dago Azkoitiko EAJren Youtubeko kanalean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide