"Gaur bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu gure taldea eta proiektua babestu duten guztiei. EAJ izan da alderdirik bozkatuena, eta horrek ematen digun indarrarekin, eta gugandik espero den erantzukizunarekin jokatuko dugu", dio Ana Azkoitia alkategaiak.
Abstentzioak eragin nabarmena izan du orokorrean emaitzetan, eta EAJk zinegotzi bat galdu du Azkoitian. "Noizbait babestu gaituztenei eta oraingoan etxean geratu direnei, edota beste hautu bat egin dutenei, esan nahi diegu asmatu ez dugun horretan gauzak hobeto egiten ahaleginduko garela. Beti ari gara ikasten, eta emaitzak nahiz testuingurua sakon aztertuko ditugu, eta geure irakurketa egingo dugu".
Ana Azkoitiak bi agintaldi egin ditu udaletxean. 2015-2019 agintaldian EAJk gehiengo absolutua zuen eta 2019-2023an, alderdi sozialistarekin gobernatu du. "Orain, egungo egoerara egokitzea tokatzen zaigu, eta akordioak zein adostasunak bilatu beharko ditugu herriak eta herritarrek aurrera egiten jarrai dezaten. Lau urtez behin egiten den ariketa demokratikoa da botoa ematea, herriari erabakitzeko eskubidea ematea, alegia, eta udal ordezkariok herriaren borondateari erantzun behar diogu".
"Politika egitearen esentzia –gaineratu du Azkoitiak– da beste alderdiekin hitz egitea, eta horixe da egingo duguna. Guztiekin bilduko gara herri honek behar dituen proiektu estrategikoetan ahalik eta adostasun mailarik zabalena lortzeko".
Ana Azkoitiak azaldu du atzo emaitzak ezagutu orduko zoriondu zituela beste alderdietako alkategaiak.