Bizkargi musika eta dantza eskolak irailaren 8an, datorren astelehenean, hasiko du 2025-2026 ikasturtea, eta horrekin batera, bertan eskaintzen diren aurrez aurreko klaseak. Eskaintza zabala eskainiko dute bertan, musikaz gozatu nahi duten haurrek, nerabeek zein helduek Bizkargi eskolan jaso ahalko dutena.
Besteak beste, haurrentzako Musika Hezkuntza Goiztiarra (0-2 urte), musika tailerrak (3-6 urte) eta dantza tailerrak (4-6 urte) eskainiko dituzte Bizkargin. Horrez gain, ordea, Musika Hizkuntza, abesbatza eta euskal dantza eskolak ere emango dituzte Elkargunean egoitza duen eskolak. Instrumentuak ere aukeran izango dituzte ikasleek, hala nola, kantua, pianoa, biolina, zeharkako flauta, klarinetea, saxofoia, tronpeta, tronpa, tronboia, tuba, bonbardinoa, perkusioa, gitarra, bateria, trikitia, panderoa eta txistua. Helduentzako, berriz, euskal dantzak eta musika tailerrak eskainiko dituzte.
Matrikulazio epea zabalik
Bizkargi eskolak gaur, irailak 1, zabaldu du eskolan matrikulatzeko epea. Ostiralera arte egongo da zabalik horretarako epea, baina bakarrik plazak libre dauden ikasgaietan eman ahalko da izena. Informazio gehiago nahi duenak, bizkargi@bizkargimusikaeskola.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-85 10 70 telefono zenbakira dei dezake. Eskolako idazkaritza, berriz, aste honetan 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik.