65 urtetik gorako pertsonei eskaintzen zaien Bizipoza eguneko arreta zerbitzuko erabiltzaileek, Bizkargi musika eskolarekin elkarlanean, Musikaren bizipoza emanaldia eskainiko dute etzi, astelehena, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan (18:00).
Bizipozakoek musika egiteko eta musikarekin disfrutatzeko beste modu bat dagoela ikusi dute ikasturte honetan. Itsasne Fernandezen eta Nora Rubioren eskutik, ikasturte honetan zehar Bizkargi musika eskolan egin duten lana erakutsiko dute astelehenean; izan ere, musikari esker, konpainian, konplizitatean eta talde-lanean denboraldi on bat osatu dute erabiltzaileek.
Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak kudeatzen duen programa da Bizipoza. Bakardadea saihesteaz gain, osasun fisikoa zein psikologikoa lantzen dute, besteak beste, gorputza mugitzeko edo erlaxatzeko aktibitateak egiten dituzte, eta memoria, hizkuntza edo gaitasun kognitiboa mantentzeko ariketak, betiere aisialdiaren testuinguruan.
Entzunaldi gehiago
Bestalde, asteazkenean eta ostegunean, Bizkargi eskolako ikasleek emanaldiak eskainiko dituzte Elkargunean. Asteazkenean, hilak 18, biolin eta flauta ikasleek eskainiko dute entzunaldia Oteiza aretoan, 18:00etan hasita. Ostegunean, berriz, trikitixa eta pandero jotzaileek emango dute kontzertua, 18:30ean, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.