Urtebeteko haurrentzat ate irekien saioa egingo du Bizkargi eskolak hilaren 14an

Iaz, 2020an, jaiotako haurrentzako Musika Hezkuntza Goiztiarraren aurkezpena egingo du Bizkargi musika eta dantza eskolak. Horretarako, ate irekien saioa antolatu du, eta hilaren 14an, 18:15ean, eskolako bosgarren gelan. Saioa doakoa izango da.

Musika Hezkuntza Goiztiarra 0 eta 2 urte bitarteko haurrei dago zuzenduta, senide edo zaintzaile batek lagunduta. Horrela, beraien arteko lotura afektiboa indartzen da, eta haurren garapen integrala sustatu musikaren, jolasaren, musika-tresnen, erritmoen eta abestien bidez.

Musika estimulazio goiztiarraren bidez ez da soilik musikaren entzumena lantzen; musikaren bidez elkarri eragitea, komunikatzea eta adieraztea lantzen dira, eta horietaz jabetzea mugimenduaren, kantuaren eta musika-tresnen bidez.

Musika ez da helburua adin horietan; helburua ez da haurrak musikari bihurtzea, baizik eta haur horiekin jolastea eta musika horrek beren zentzumenak pizteko, entzumena indartzeko, oroimena indartzeko edo sormena sustatzeko balio izatea.

Metodologia Edwin Gordonen teorian dago oinarrituta. Partiturarekin hasten ez den metodo bat da, musikaren bizipenetan eta entzumenaren bidezko asimilazioan oinarritzen da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide