Azkoitiko Bizilore eskolak (2015-2025) hamar urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko, astebeteko egitarau berezia prestatu du. Urtarrilaren 13tik 18ra bitartean ospatuko du eskolak bere lehen hamarkada, Bizilore, 10 urte ametsak egi bihurtuz lelopean.
Hain justu, egun horietan leloaren izen bera daraman erakusketa zabalduko du eskolak, Portaleburu erakusketa aretoan. Eskolaren proiektua ezagutu ahal izango da Portaleburun, han erakutsiko baita Biziloren nola egiten den lan. Ordea, izango dira ekintza gehiago ere erakusketa aretoan. Hilaren 13an, Odei Arregi ipuin kontalariak Kamaleoiaren azala ipuin kontaketa saioa eskainiko du, eta hilaren 15ean, HUHEZIko Xabier Iturraldek Adimen artifizial sortzailea eta hezkuntza hitzaldia.
Urtarrilaren 18an egingo den ospakizun egunarekin itxiko du Bizilorek hamargarren urteurrenaren bueltan antolatutako egitaraua. Egun horretan, Bizijolas txokoa izango da Berdura Plazan, Biziloreren filosofiarekin bat egiten duen jolas proposamena, hain zuzen. Horrekin batera, eskola ezagutzeko bisita gidatua ere izango da eskolara. Eguna borobiltzeko, aurrena, triki-poteoa egingo du eskolak, eta ondoren, bazkaria. Eskolaren proiektuarekin bat egiten duten kideen eta proiektuaren laguntzaile izan direnen arteko lagunarteko bazkaria izango da hori.
Hona hemen egitarau osoa:
- Urtarrilaren 13tik 18ra
- Bizilore, 10 urte ametsak egi bihurtuz erakusketa, Portaleburu erakusketa aretoan.
- Urtarrilak 13, asteartea
- 17:30. Odei Arregi Izagirre kontalariaren ahotik, Kamaleoiaren azala ipuin kontaketa, Portaleburu erakusketa aretoan.
- Urtarrilak 15, osteguna
- 18:00. Xabier Iturralde Alberdi ikertzailearen eskutik (HUHEZI), Adimen artifizial sortzailea eta hezkuntza hitzaldia, Portaleburu erakusketa aretoan.
- Urtarrilak 18, igandea, ospakizun eguna
- 11:00. Bizijolas, Berdura Plazan.
- 11:00. Bisita gidatua Bizilore eskolara.
- 13:30. Triki-poteoa, herrian zehar.
Hona hemen urteurrena ospatzeko Bizilorek antolatu duen egitarauaren azalpena: