Atzo, zapatua, hainbat familiak txoriak ezagutzeko ibilaldi gidatua egin zuten Asier Sarasua txorizale eta txoriak.eus webgunearen sortzailearekin, Bizilore Eskolak antolatuta. Miruak, koartzak, buztangorriak, kaxkabeltxak, zapelatz edo arranbeltzak, gerri-txoriak, garrapoak, txinpinak eta beste hainbat txori espezie ikusi zituzten goizean zehar herrigunean eta bidegorrian egin zuten ibilaldian.
"Azkoitia leku ederra da hegaztiak behatzeko, 100 espezie inguru daude bertako baso, mendi eta erreketan"
Sarasuak azaldu zuenez, gaur egun "11.100 txori espezie inguru daude munduan" eta horietatik "400 bat Euskal Herrian". Azkoitian, berriz, urte osoan zehar, "100 txori espezie inguru" ikus daitezke. Eibartarrak azaldu zuenez, udaberria da txoriak behatzeko garairik aproposena, ugalketa-garaian daudelako eta neguan Afrikara joan ohi diren txoriak bueltatzen hasten direlako, esaterako, enarak.
Bestalde, Interneten txorien gaineko informazioa kontsultatzeko edo herritarren datuak jasotzeko dauden zerbitzuen eta aplikazioen berri ere eman zuen hark. Besteak beste, honako hauek aipatu zituen: eBird plataforma, webgunea zein appa (euskaraz ere badaude), ornitho.eus webgunea, Merlin aplikazioa (txorien kantuak zuzenean identifikatzen dituen aplikazioa) eta txoriak.eus, Euskal Herriko txorien informazioa eta kantuak batzen dituen webgunea.
Ibilaldian zehar, txori-izenak ere izan zituzten hizpide Sarasuak; izan ere, izenen bilketa zabala egina du hark Euskal Herri osoan zehar, eta atzo, Azkoitiko izenen zerrenda ere azaldu zuen.