Bizilore Eskola Aktiboak hainbat ekintza egin dituzte aurten Euskararen Nazioarteko Eguna dela. Umeekin euskarazko kanta euskaltzaleak kantatu ditugu, herriko eskoletan banatu den eskuorria baliatuta. Besteak beste, Behin betiko, Zeinen ederra izango den, Txoriak txori eta Egun da Santimamiña abestiak kantatu ditugu. Nagusixeagoekin, berriz, PasaHitza hizkuntza jolasa baliatu genuen hizkuntzarekin jolas egiteko.
Helduenekin, berriz, hizkuntza portaerak eta jarrerak lantzeko tailerra egin genuen, euskalgintzan diharduten bi gurasok dinamizatuta. Hizkuntzarekin dituzten esperientzien berri galdetu genien, eta elkarrizketa elebidunak ere landu genituen rol jolasak baliatuta. Ederra izan zen gaztetxoen esperientziak, iritziak nahiz ideiak jasotzea eta ikustea identifikatzen dituztela hizkuntza-gatazkak, gai direla beraien estrategien berri emateko, badakitela zein den estres linguistikoa... Luze jardun zuten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz, eta konturatu ginen gaztetxoek dituzten eta helduok ditugun aurreiritziak antzekoak direla.
Euskararen biziberritzearen historiaz ere aritu ginen, eta konpartitu genituen hizkuntza gutxitu bateko kide izatearen zailtasunak eta ikaskuntzak. Elkarrizketa mamitsuak eta une dibertigarriak bizi izan genituen, antzezpen zoragarri bat eta guzti.