Gure seme-alabak dira

Biziloreko komunitatea, eskolaren atarian.

Bizilore Eskola Aktiboko eta Kukuherri guraso elkarteko umeok, gaztetxook, bidelagunok eta gurasook adierazi nahi dugu azken hilabete luze eta dramatiko hauetan Palestinan eta, bereziki, Gazan gertatzen ari denak hunkituta gauzkala, eta suminduta gaudela telebisten bidez zuzenean ematen ari diren genozidioaren aurrean.

Palestinan gertatzen ari denak, eta bereziki umeen eta nerabeen kontrako erasoaldi gupidagabeak harritu eta ikaratu egiten gaitu. Egunero ari gara ikusten haurrak nola erail, mutilatu eta traumatizatzen dituzten, eta, orain, nola hiltzen ari diren gosez. Gure begiek isurtzen dituzten amorruzko malkoak genozidio hori geldiarazteko indar bilakatzea nahi genuke. Uste dugu Euskal Herriko gurasook eta eskolok ere gure esku dagoen guztia egin behar genukeela sarraski hori geldiarazteko.

Aldarrikatu nahi dugu egunero erailtzen ari diren Gazako haur horiek gure seme-alabak direla, haien gurasoak gure neba-arrebak eta haien mina gurea. Bihar, gure seme-alabek galdetuko digute zer egin genuen Palestinako herriaren aurkako genozidioa gertatu zenean. Bada, jakin dezatela Palestinako herriaren alboan egon ginela eta sionismoaren kontra azaldu ginela!

Gora Palestina bizirik eta libre!

Gora herrien arteko elkartasuna!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide