EH Bilduk eta Azkoitia Baik elkarrekin iniziatiba politikoa abiatu eta hogei proposamen nahiz beste hainbat konpromisoz osatutako akordioa adostu genuen, eta horrela azaldu genuen publikoki. Onartutako proposamen eta konpromiso horien artean honakoak daude:
- Prozesu parte-hartzailea: Gobernantza eta Komunitate saila sortzea.
- Trantsizio energetiko eta klima aldaketaren aurkako neurriak: energia propioa sortzea, eraikin publikoetako energia kontsumoa murrizteko neurriak hartzea eta gune berdeak berreskuratzea zein zaintzea (Txiki-Golf, igerilekuko berdegunea...).
- Obrak eta proiektuak: Santa Klara nahiz igerileku irekien arteko ibilbidea eta Plazaberriren azterketa.
- Mugikortasuna: Kale Nagusia oinezkoentzako gune bihurtzea eta herriko parking-gune azterketa.
Bestalde, EAJk ez du nahi izan EH Bilduk bideraturiko bi proposamen aurrekontuetara gehitzea. Hala ere, akordioa erdietsi dugu eta hiru alderdiok elkarrekin aurkeztuko dugun emendakin bateratuaren bidez bi proposamenak horiek onartuko dira:
- Etxebizitza parkea handitzeko neurriak hartzea eta urratsak ematea.
- Kale Nagusia ibilgailu ez motorizatuentzako eta oinezkoentzako lehenestea. Balio handiko urrats politikoa dela deritzogu, eta zentzu horretan, oinezkotasun araudia osatu eta guztion onurarako izango dela iruditzen zaigu. Bide batez, kale nagusiko biztanle, dendari, nekazari- saltzaile eta erabiltzaileekin egoteko asmoa dugu, proposamen hori guztion artean lantzeko.
EAJren udal gobernuak, nahiz gutxiengoan izan, oposizioaren iniziatiba berri hau oztopatzeko ahaleginetan ibili da, 2026ko aurrekontuak onartzeko udalaren osoko bilkura deitzeari uko eginez. Ezohiko egoera hau sortzeaz gain, herriaren beharrei aurre egiteko diru-partidak ez onartzearen ardura politikoa oposizioari leporatu dio. EH Bilduk, aldiz, ekimena hartu eta arduraz jokatu du.
Azken egunotan alkateak adierazi du prozesua aurreikusita zegoena baino gehiago luzatu dela bi aldeak ez direlako orain arte ados jarri. Adostasuna bazegoen EH Bildu eta Azkoitia Bairen artean eta, garbi utzi nahi dugu, aurrekontu prozesua EAJren erabakiz luzatu dela, behin eta berriz akordio batetara iristeko zailtasunak areagotu baititu. Izan ere, urte amaieran aurrekontuak onartuak egon beharko lukete, EAJk betoa ipini ez balio udaleko gehiengoaren aurrekontu proposamenari.
EH Bilduk, hasieratik, 2026ko aurrekontuak bideratzeko proposamenak mahai gainean jarri ditu eta azken unera arte akordioa posible izan zedin lanean aritu da. Lasaitasunerako mezua igorri genuen akordiorik ez zegoenean eta lasaitasun horrekin aritu gara lanean, adostasun bat bilatzeko genuen ardura eta konpromisoarekin.
Orain, akordioa gauzatu denez, gure xedea izango Azkoitiaren aldeko politika garden, parte hartzaile eta ausarta exijitzea, eta aldi berean, azken urteetako aurrekontuetan adostutako diru-partida eta proiektu asko adostu genituen bezala betetzeko eskatzea, oraindik gauzatu gabe baitaude.