Azkoitia 2026ko aurrekonturik gabe geratuko da EAJren erabaki politikoaren ondorioz

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2025eko abenduaren 24a

EAJk zabaldutako azken adierazpenen aurrean, EH Bilduk eta Azkoitia Baik hainbat kontu argitu nahi izan dituzte, Azkoitiko herritarrek egoeraren irudi osoa izan dezaten. 

EAJk zabaldutako azken adierazpenen aurrean, EH Bilduk eta Azkoitia Baik hainbat kontu argitu nahi ditugu, Azkoitiko herritarrek egoeraren irudi osoa izan dezaten. Azkoitiko Udala 2026an aurrekonturik gabe geratuko da, udal gobernuak —EAJk— hala erabaki duelako, nahiz eta horretarako gehiengo demokratikoa badagoen.

Lehenik eta behin, gezurra da adostasunik bilatu ez denik. EH Bilduk eta Azkoitia Baik hasieratik erakutsi dugu negoziatzeko borondatea, eta horren erakusle da gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamena nabarmen moldatu izana gure ekarpenak txertatuz. Oposizioak proposamenak egin ditu, alternatibak mahai gainean jarri ditu eta azken unera arte akordioa posible izan zedin lanean aritu da.

Testuinguru horretan, azken batzordean bi taldeek abstentzioa eman genuen, aurrekontuei bide emateko eta prozesua aurrera eramateko asmoz. Hala ere, EAJk erabaki politiko kontzientea hartu du: udalbatzarik ez deitzea eta, ondorioz, aurrekontuak bozkatzea eragoztea. Erabaki horren ondorio zuzena da aurrekontuen luzapena, eta horren erantzukizun osoa udal gobernuarena da.

Onartezina iruditzen zaigu oposizioaren jarduna "xantaia" gisa aurkeztea. Oposizioak bere funtzioa betetzea —proposatzea, zuzentzea eta baldintzak jartzea— demokraziaren parte da. Are gehiago, gogorarazi behar da EAJ gutxiengoan dagoela, eta aurrekontuak ezin direla inposiziotik onartu. Arazoa ez da soilik zenbatekoa; dirua nondik kentzen den eta zein lehentasun politiko ezartzen diren da eztabaidaren muina.

Gainera, lege-esparrua argia da. Gipuzkoako Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzko 21/2003 Foru Arauak zehazten du aurrekontuak prestatu eta udalbatzara eramateko ardura alkatearena dela, eta aurrekonturik ez badago, udalbatzara deitu ez delako dela. Beraz, oposizioak ez du aurrekontuak blokeatzeko ahalmenik; erabaki hori udal gobernuak hartu du.

EAJk dio eskatutako guztia onartu duela, baina hori ere ez da egia. Desadostasun politikoak izan dira, alternatibak proposatu dira eta, hala ere, azken egunean gobernuak egindako proposamenak onartu ditugu. Horrek erakusten du gure borondatea argia dela: elkarlana bai, baina edukikoa, exijentea eta zintzoa. EAJk, ordea, berriro ere blokeoa hautatu du: udalbatza deitu gabe, bozkatzen utzi gabe eta herriaren interes orokorraren gainetik kalkulu politikoak lehenetsiz.

Egoera honek zuzenean kaltetzen ditu herritarrak, udalaren jarduna baldintzatzen duelako eta beharrezkoak diren proiektuak eta inbertsioak atzeratzen dituelako.

EH Bilduk eta Azkoitia Baik argi adierazi nahi dugu: aurrekontuak adostea gobernuaren ardura nagusietako bat da, eta ardura horri ezin zaio uko egin errua oposizioari leporatuz. Gure aldetik, elkarrizketarako eta akordiorako prestasuna mantentzen dugu, baina beti gardentasunez, errespetuz eta oposizioaren rola benetan aitortuta. Azkoitiko herriaren interesak lehenetsiz, lanean jarraituko dugu konponbideen alde.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide