EH Bilduren eta Azkoitia Bairen oharra 2026ko aurrekontuei buruz

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2025eko abenduaren 16a

Azkoitia Baik eta Euskal Herria Bilduk aurrekontuetarako akordioa adostu dugu, eta elkarrekin aurkeztuko ditugu hainbat proposamen. Iniziatiba horren asmoa ez da izan udal aurrekontuen eztabaida blokeatzea, aurrekontuak hobetzea baizik.

Udal gobernuak aurrekontu proiektuan egindako moldaketak baloratzen ditugu, baina aldaketa horiek ez dira nahikoak izan. Funtsezko erabakietan ez dira kontuan hartu gehiengoak adierazitako lehentasunak.

Gakoa ez da aurrekontu batek oposizioaren proposamenekin antzekotasun handiagoa edo txikiagoa izatea, baizik eta gutxiengoan gobernatzen denean gehiengoarekin adosteko benetako borondate politikoa egotea. Gaur gaurkoz, borondate hori ez da nahikoa izan.

Gainera, aurrekontuak aurkeztu ez direnez, oposizioak –udaleko gehiengoak– ezin izango du emendakinik edo hobekuntzarik egin horretarako ezarrita zegoen epean.

Azkoitia Baik eta EH Bilduk aurrekontuak aurkeztu ditzan dei egiten diogu udal gobernuari. Gu prest gaude hitz egiteko eta akordioak bilatzeko, azken unera arte, baina ez dugu onartzen, aurrekontuak aurrera ateratzeko, EAJk oposizioko alderdiei baldintza jartzea.

Testuinguru horretan, gogorarazi nahi dugu, 2026ko aurrekontuetarako bi alderdiok emendakin bateratuak adostu ditugula. Lau ardatz nagusitan: prozesu parte-hartzaileak indartzea eta horiek kudeatzeko egitura egonkor bat sortzea; klima eta energia politiketan aurrera egitea, tokiko energia sorkuntza eta eraikin publikoen kontsumo murrizketa bultzatuz; mugikortasun eta irisgarritasun egokiagoa bermatzea, oinezkoei eta garraio ez-motorizatuei lehentasuna emanez; eta etxebizitza zein gizarte politikak indartzea, etxebizitza eskaera handitzeko neurriak eta zaintza zein babes soziala sendotuz.

Oraindik badago denbora urtea amaitu aurretik aurrekontuak onartzeko. Gu prest gaude, eta horretan jarraituko dugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide